Bertakoa, bertatik bertara
Bertakoa eta kalitatezkoa, bertatik bertara. Hori da Kixkurguneko dendak eta jatetxeak eskaintzen duena. Azken hamarkadetan gizartean elikadura eta, batez ere, erosketak egiterakoan izan diren ohitura aldaketei aurre egin nahian edo, Goierrin ekoiztutako baserrietako jangaiak eta Euskal Herri osotik ekarritako gastronomia produktuen aldeko apustua egin dute Goierriko Nekazal Kooperatibaren txoko honetan. Zaldibiako Goizane zentroan aurkitzen da Kixkurgune.
Goierriko baserrietan ekoiztutako barazkiak, Aralarko larreetako gaztak, Nafarroatik ekarritako fruta… Goi mailako lehengaiak saltzen dituzten denda eta taberna-jatetxea jasotzen ditu Kixkurgunek. Ekoizleak eta kontsumitzaileak topo egiten dute bertan.
Hainbat urtetako ibilbidearen ondoren, Ana adunarra eta Maddy ordizarra arduratzen dira gunearen kudeaketaz apirilaz geroztik. Gogotik egiten dute lan biek, egunero dendako bezeroei arreta emateaz gain, pintxoak zein otorduak prestatzen.
Edonola ere, goi mailako produktuen kalitatea da euren eguneroko lanaren abiapuntua. Goierriko agrodenda honetan barazki eta gaztez gain, eztiak, mermeladak, sagardoa, oilaskoa edo haragia ere saltzen dituzte. Hozgailua betetzeko behar den guztia dago bertan; hori bai, bertakoaren zigiluarekin eta izen-abizenekin.
Baratzetik platerera
Sukalderako, berriz, dendan saltzen dituzten produktu horiek berak erabiltzen dituzte. «Kalitaterik oneneko produktuekin otordu mundialak prestatzen ditugu», dio Anak. Maddy arduratzen da sukaldeaz eta bertako baserrietan ekoiztutako lehengaiekin zerbitzatzen den plateretan aldea nabarmena dela dio.
Igandeetan izan ezik, bazkariak ematen dituzte aste osoan zehar: «Menuaz gain, eguneko platera eskaintzen dugu». Goizeko hamarretatik arratsaldeko seietara irekitzen dute Kixkurgunea.
Lehenagotik zuten taloen eskaintza ere mantentzen dute Anak eta Maddyk. Izan ere, betiko erara egiten dituzte taloak. Hori bai, aurrez deitu egin behar da eskatzeko. Orain udazkena eta negua datozela-eta, espero dute jendea taloak jatera animatzea.
Eskueran ez badago ere, pixkanaka-pixkanaka jendearentzat errepikatzeko moduko erreferentzia puntu bihurtzen ari da Kixkurgunea.