Lazkaoko baserrietako produktuen azoka egingo dute, bihar
Lazkaoko biztanleria okupatuaren %2 besterik ez da, gaur egun, nekazaritzako eta abeltzaintzako langileen portzentajea. Lehen sektorera dedikatzen diren 22 establezimendu daude. Balore gehitu gordinaren %1 besterik ez du suposatzen, datutan. Baina, inguruneari begiratuta, baserri askok jarraitzen diote betiko langintzari. Horietako zeregin bat, Lazkaoko udalerriaren natura-paisaia zaintzea. Azalera 11,4 kilometro koadrokoa bada guztira, nekazaritza-lurrek %26 hartzen dute; basoek, beste %67.
Ageriko aberastasun hori ekonomikoki askotan itzalean geratzen bada, estalki guztiak kendu eta plazan erakutsiko dute, bihar. Udalak II. Baserri Eguna antolatu du. Goizean 09:00etatik 14:00ak arte, plaza erakustoki erraldoi bihurtuko da: baserrietako produktuen azoka, ganadu erakusketa eta festa giroko musika, erakustaldiak eta jatekoak jarriko dituzte. Baserritar jantzita irteteko deia egin die udalak lazkaotarrei.
Ganadua eta jakiak
Plazaren erdian ganadua eta etxabereak jarriko dituzte, itxituretan. Hamabi baserritatik eramango dituzte buruak: behiak, astoak, zaldiak, ahuntzak, poniak, oiloak eta untxiak ikusteko aukera izango da.
Aparkaleku alderako estalpean, berriz, nekazarien salpostuak egongo dira. Bederatzi baserritakoek jarriko dituzte, eta barazkiak, haragia, gazta, esnea eta txerri haragia salduko dute.
Erakusketei dagokienez, baserri munduarekin lotutako hainbat lanbide, tresna eta datu jasotzeko modua eskainiko du Baserri Egunak. Udaletxeko arkupeetan, adibidez, Enparandegi baserrikoek haria egingo dute. Ehuleen antzinako lanbide hori islatuko dute, aurten.
Kultur etxeko aretoan, udalaren funtseko nekazaritza tresna zaharrak erakutsiko dituzte. Herriko baserrien argazkiak ere zintzilikatuko dituzte.
Kale animazioari dagokionez, Lazkao Txiki musika eskolako trikitilariak ibiliko dira giroa alaitzen. Asto-gurdi pare bat ere erabiliko ditu Giasel elkarteak, umeentzat gozagarri.
Pintxoak sukaldatzen
Iker Markinez sukaldari beasaindarrak ere parte hartuko du, iaz bezalaxe, Lazkaoko ferian. Jende aurrean bi pintxo mota prestatuko ditu: barazki krepea, eta okelarekin egindako mokadu bat. Jendeari jateko emango dizkio gero, edariarekin, sos batzuen truke.
Baserri Eguneko azokan laguntzaile izateko deialdia ere zabaldu du udalak. Hemezortzi-hogei bat boluntario behar dituzte biharko (hirigintza@lazkao.net); txartelak saltzeko eta pintxoak banatzeko hamar lagun, eta garbiketarako zortzi.