54 pertsonek hartu dute parte 'sanmigeletako' harrikalari txapelketan
San Migel jaiak ospatzen ari dira atzo hasita Ormaiztegin. Gaurko egunari XIX. Mendi Bizikleta probarekin eman diote hasiera. Anjel Elorza antolatzaileak esan duenez, guztira 65 txirrindularik hartu dute parte proban. Bi ibilbide izan dituzte aukera parte hartzaileek: luzea 27 kilometrotakoa, eta laburra 12 kilometrotakoa. Aurtengo berrikuntza nabarmena ibilbidea bera izan da, beste urteetakoa ez bezala bide berdetik hasita, Mutilo, Zerain eta Larrosaindik igaro da, handik mehatzeetatik behera bide berdeari jarraituz Ormaiztegin amaitzeko. Parte hartzaileak “gustura” gelditu dira aldaketarekin.
Toka txapelketa herrikoia izan da gero, Muxika egurastokian. Parte hartza zabala izan da aurtengoan, guztira 50 tiralari aritu dira. Ibon Rodriguez izan da txapelduna eta Alain Tomasek egin du bigarren. Lehenengoak oroigarria eta arkumea jaso ditu opari, eta bigarrenak oroigarria eta legatza.
Goiz parteko ekintza nagusia, aldiz, XVIII. Harrikalari Txapelketa izan da, Berjaldegi zelaian burututakoa. Ormaiztegiarrak harrikalari izaki, izen bereko txapelketa ospatzen dute aspalditik, San Migel jaien barruan. Jokoaren helburua 2.080 gramoko harri borobila nor urrutiago botatzea da. Saio honetan ere parte hartzea zabala izan da, guztira 54 pertsona animatu baitira harriarekin proba egitea. Aurten, gainera, azken urteetan emakumeak ere animatzen hasita daudela ikusita, hauentzako bi sari ere egon dira.
Azkenean, Borja Irizar izan da irabazlea, azken urteetan bezala. 26 metro eta 68 zentimetroko tiraldia egin du hariarekin. Gizonezkoetan bigarren egin du David Perez de Albenizek, harria 24 metro eta 47 zetimetro jaurti eta gero. Emakumezkoetan Beatriz Tomas izan da onena 8 metro eta 28 zentimetroko tiraldiarekin. Susane Arruabarrena gelditu da bigarren, oso gertu, 8 metro eta 60 zentimetroko tiraldia egin eta gero. Irabazleek harriaren pisua txuletetan jaso dute opari eta bigarrenek aldiz, harriaren pisua odolkitan.
Jaiak arratsaldean izango du jarraipenik, XXIII. San Migel mus txapelketa egingo dute 16:00etan eliz atarian, ordu erdi beranduago haurrentzako jokoak hasiko dituzte udaletxeko ondoko plazan eta jarraian txokolatada izango da bertaratutako guztientzat.