Lazkao baserriko animali eta produktuen erakusleiho bihurtu da gaur
II. Basherri Eguna egin dute Lazkaon goiz partean. Herriko baserrietako produktuak eta animaliak erakustera emateko baliatu dute, besteak beste, gaurko eguna. Goizean, 9:00etatik 14:00ak bitartean plaza erakustoki bihurtu da.
Plazan, erdialdean, ganadua eta etxabereak jarri dituzte ikusgai: Behiak, astoak, zaldiak, ardiak, ahuntzak eta poniak, besteak beste. Lazkaoko hamabi baserritatik eramandakoak. Plaza inguruklo arkupeetan, aldiz, baserriko produktuen postuak atondu dituzte. Bederatzi baserrik hartu dute parte guztira eta barazkiak, haragia, gazta, esnea eta txerri haragia jarri dituzte salgai.
Gainerakoan, udaletxeko azpiko arkupeetan Enparandegi baserrikoak haria egiten aritu dira. Eta Iker Markinez sukaldari beasaindarra jende aurrean pintxoak egiten ere aritu da. Bi pintxo mota egin ditu: barazki krepea eta okelarekin egindako beste bat.
Kaleak girotzen aritu diram bestetik, Lakao Txiki musika eskolako trikitilariak. Bi asto-gurdi ere ibili dira kaleetan zehar Giasel elkartearen eskutik, haurren gozamenerako.
Basherri Egunarekin ez dira amaituko, dena den, asteburu honetako ekimenak. San Migel jaien aitzakian makina bat ekintza daude antolatuta gaurko eta biharko. Arratsaldean, 19:00etan sagardo dastatzea eta taloak izango dira plazan eta 22:30ean Jokin Lasa abeslariaren Zortziko txiki bat diskoaren aurkezpeneko kantaldia, Arerian.
Bihar, goizez eta arratsaldez haurrentzako puzgarriak izango dira plazan, meza 12:00etan eta San Migel pilota txapelketako finalak ordu berean. Jubilatuek bazkaria egingo dute 14:00etan eta arratsaldean, 19:00etatik aurrera buruhandiak eta Orobione abesbatzaren kantaldia izango dira, besteak beste. Ondoren, Drindots izango da plazan, eta gauean herr afaria egingo dute egunari amaiera emateko.