Atez atekoarekiko desadostasuna eranskailu bidez adierazteko eskatu du Lazkao Birziklatuzek
Lazkaon atez ateko hondakin sistema ezartzearen aurka dagoen Lazkao Birziklatuz plataformak eranskailu batzuk atera ditu. Sistemarekin ados ez daudenei, ontzietan itsasteko eskatu die. Etxerik etxe banatuko dituzte, bihar, postaz. Eranskailuan “Ez nago ados!” idazpurua ageri da, euskaraz eta gaztelaniaz, erdian organikoaren edukiontzi baten marrazkia duela.
Plataformako kide Agurtzane Lasak gaur azaldu duenez, atez ateko bilketa “inposizioa” da Lazkaon. “Orain dela urtebete 1.764 sinadura bildu ziren atez atekoaren aurka eta birziklapenaren alde. Sinadura horiei barre egin die udalak, ez du inongo erantzunik eman. Bai, aldiz, udalaren bileretan izan diren 600 pertsonei buruz, goraipamena eta balorazio ona eman dietelako”.
Organikoaren ‘bosgarren edukiontzia’ garatzeko eskatu du Lazkao Birziklatuzek, duela bi urte hori jartzen lehen herria Lazkao izan zela gogoratuz.
Sasietak gaur jakinarazi duenez, Lazkaoko familien %83k hartu dute dagoeneko atez atekorako behar den ontzi sorta (lau ontzi dira). Denera 1.724 dute. Bilketa berria ostiralean hasiko da. Ontziak jasotzeko aukera ostegunera arte egongo da, udaletxean (11:30-13:00 eta 16:00-18:00 tarteetan).