Nerea Elustondok hirugarren egin du Villabonako kanporaketan, Zubeldiak seigarren
Aurreneko kanporaketa jokatzekoak ziren sei bertsolarien izenak ikusita, lehia estua espero zen, denek baitzituzten saio on bat egin eta aurrera jarraitzeko aukerak. Sorpresak izan ziren, hala ere. Jon eta Alaia Martin anai-arrebek nork baino nork saio dotoreagoa osatu zuten, eta aurreneko bi postuetan gelditu ziren, puntu eskaseko aldearekin. Nerea Elustondo legazpiarrak hirugarren egin zuen, eta Odei Barrosok laugarren. Ez zuen halako zorterik izan Iker Zubeldiak; saio ona egin arren, puntuetan gainontzekoen azpitik gelditu baitzen, Fredi Paiaren ondoren, seigarren postuan
Aurreneko kanporaketa jokatzekoak ziren sei bertsolarien izenak ikusita, lehia estua espero zen, denek baitzituzten saio on bat egin eta aurrera jarraitzeko aukerak. Sorpresak izan ziren, hala ere. Jon eta Alaia Martin anai-arrebek nork baino nork saio dotoreagoa osatu zuten, eta aurreneko bi postuetan gelditu ziren, puntu eskaseko aldearekin. Nerea Elustondo legazpiarrak hirugarren egin zuen, eta Odei Barrosok laugarren. Ez zuen halako zorterik izan Iker Zubeldiak; saio ona egin arren, puntuetan gainontzekoen azpitik gelditu baitzen, Fredi Paiaren ondoren, seigarren postuan.
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako lehen saioak ikusmina sortu zuen, eta Villabonako Olaederra kiroldegia goraino bete zen; sarrera guztiak aurrez saldu ziren, eta 970 lagun bildu ziren guztira. Sei bertsolariek, bai haserako agurretan, bai bukaerakoetan, eskertu egin zuten zaleen babesa eta berotasuna.
Aurreneko saioa irabazita, Jon Martin (654 puntu) zuzenean sailkatu da finalaurrekoetarako, . Azaroaren 9an izango du hurrengo zita, Gernika-Lumon. Askorentzat sorpresa izan eta saio borobila egin zuen Alaia Martin gelditu zen bigarren (653), anaiak baino puntu bat gutxiagorekin. Koxka bat beherago gelditu ziren gainontzeko lauak. Alperkeriak jota eta asko prestatu gabe zetorrela zioen Nerea Elustondok, baina saio polita osatzea lortu zuen; 639,5 puntu batuta, finalerdietan izateko aukera handia du legazpiarrak. Haren atzetik gelditu ziren Odei Barroso (632), Fredi Paia (631,5) eta Iker Zubeldia (607,5). Errima batek ihes egin bazion ere, saio ona egiten ari zen zegamarra, eta zale asko sorpresaz harrapatu zituen epaimahaikoaren puntuazioak.
Hurrengo saioa, Markinan
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren kanporaketek ez dute etenik izango urrian zehar. Hurrengoa, datorren larunbatean, hilak 5, jokatuko da, Markina-Xemeinen. Agin Rezola, Onintza Enbeita, Jone Uria, Arkaitz Estiballes, Beñat Ugartetxea eta Eneko Fernandez ariko dira bertan.
Goierritarrei dagokionean, berriz, Iban Urdangarin eta Iñaki Apalategi Hendaian ariko dira, hilaren 12an. Haiekin batera, Julio Soto, Amaia Agirre, Iñaki Zelaia eta Felix Zubia igoko dira eskenatokira.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.