Autobus zerbitzua hobetzeko parte hartze prozesuak egingo ditu aldundiak Goierrin
2013an eta 2014an Gipuzkoako hegomendebaldeko autobus emakidak berritu behar ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Emakidak berritzeko, herritarrekin hitz egin nahi du aldundiak, herritarren beharrak entzun eta behar horien arabera aterako dituzte “datozen urteetarako garraio zerbitzuak”. Horretarako 56 parte hartze prozesu jarriko ditu abian, tartean, Goierriko herri guztietan. Astelehen eguerdian egindo dute eskualdeko alkateek prozesuaren aurkezpena Beasaingo Igartza jauregian.
Herritarrek “eskualde barruko zerbitzuez, eskualde arteko loturaz, eskualdea hiribuarekin lotzen duten zerbitzuez, autobusen maiztasunaz, ibilbideez eta ordutegiez” hitz egin ahalko dute bileretan. Aldunditik jakinarazi dutenez, bilerak irekiak izango dira, eta “sektore ezberdinengana iristeko saio bereziak” egingo dituzte, “gazteengana eta jubilatuengana” iristeko, adibidez.
Arantza Ruiz de Larrinaga Herritarren Partaidetzarako zuzendariak azaldu duenez, “garraio publikoa hobetuz, garraio publikoaren erabilera areagotu nahi da”, eta horretarako egingo dituzte bilerak. Herriz herri egingo dituzten bileretara joan ezin dutenek, eta prozesuan parte hartu nahi dutenek, on-line bidez ere egin ahal izango dituzte ekarpenak www.garraioahobetzen.net webgunean. Bihar, ostirala, jarriko dute martxan webgunea. Bilera irekiak egiteaz gain, “autobus egunak” ere egingo dituztela iragarri du aldundiak.
Lau fasetan
Parte hartze prozesua lau zatitan egingo dutela ere iragarri dute gaur goizean Donostian egin duten aurkezpenean. Azarora bitartean parte hartze bileren lehen itzulia egingo dute, eta abenduan hasi eta 2014ko otsailera arte autobus zerbitzua hobetzeko proiektua idatziko dute.
Hirugarren fase batean, 2014ko martxotik apirilera, herritarren parte hartzea oinarri izango duten bileren bigarren itzulia egingo dute. Bertan talde teknikoak egindako proposamena edo aurreproeiktua aurkeztuko diete herritarrei, eta haren inguruko ekarpenak egin ahalko dituzte herritarrek. 2014ko maiatzetik abendura, berriz, behin betiko txostena idatziko da eta zerbitzuaren berri emango du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta autobus zerbitzu berria emateko lizitazioa jarriko du martxan, gipuzkoarrei “zerbitzu hobetua” emateko.