Herriraren aldeko mobilizazio andana deitu dute biharko
Herriraren kontrako Espainiako poliziaren operazioa salatzeko mobilizazio ugari deitu dute biharko Goierriko herrietan. Etzi, gainera, autobuskadak aterako dira Goierritik Bilboko manifestazioan parte hartzeko.
Ez dira gutxi Herrirari babesa agertu dioten eragile politikoak eta sozialak. Horren erakusle dira, hain zuzen, biharko deitu dituzten mobilizazioak. Bihar, 12:00etan elkarretaratzeak egingo dituzte Goierriko herrietako udaletxe aurreetan. Salbuespen bakarra Urretxuko eta Zumarragako elkarretaratzeak bi herrietako industrialdeetan zein Areizaga-Kalebarren plazan egingo dituztela da; 12:00etan, baita ere.
LAB sindikatua batu egingo da elkarretaratze horietara eta, aurretik, ordu erdiko lanuztea egingo du.
Lanuzteak lantegietan
LABek deitutako lanuzteak zein elkarretaratzeak Goierriko zenbait lantegitan egingo dituzte, ordu ezberdinetan.
- Arcelor Olaberrian elkarretaratzea egingo dute enpresa aurrean (11:00-11:30).
- CAFen lanuztea eta elkarretaratzea izango dira enpresa sarreran, amiantoko monolitoaren ondoan (11:00-12:00).
- Elevadores Goian lanuztea eta elkarretaratzea egingo dituzte enpresa aurrean (12:00-12:30).
- Guerra Hermanos lantegian asanblada eta elkarretaratzea izango dira (10:00-11:00).
- Indarren lanuztea eta elkarretaratzea egingo dituzte (12:00-12:30).
- Jaso Itsasondon txandakako lanuzteak egingo dituzte eta bi elkarretaratze izango dira (12:30-13:00 eta 14:00-14:30).
- Jaso Idiazabalen txandakako lanuzteak eta elkarretaratzeak lantegian bertan (11:30-12:00 eta 12:00-12:30).
- Jakintza ikastolan, Ordizian, lanuztea egingo dute (12:00-12:30).
- Legazpin bihar elkarretaratzea egingo dute Euskal Herria plazan, 20:00etan.
- Urretxun eta Zumarragan hamabi orduko elkarretaratzea egingo dute. 12:00etatik hasita bi orduko txandatan sindikatuek, senideek eta presoen lagunek, Bilduko kideek eta gazteek hartuko dute Areizaga-Kalebarren plaza. 20:00etan Urretxuko eta Zumarragako kaleak zeharkatuko dituen giza katea osatu nahi dute Areizaga-Kalebarrenen elkartuta.
- Ordizian polizia operazioa salatzeko topagune iraunkorra izango da plazan 16:30etik 20:00etara. Hainbat eragilek lekukoa hartuko dute elkarren segidan: langile mugimendua, euskalgintza, gazte mugimendua eta mugimendu feminista, hezkuntza eta ikasle mugimendua, kirol eta dantza taldeak, musika taldeak, merkatariak eta ostalariak, talde politikoak eta herritarrak. Ondoren, 20:00etan manifestazioa egingo dute herrian barrena konponbideari erasorik ez, Euskal Presoak Euskal Herrira lemapean.
- Beasainen mobilizazio eguna deitu dute. Tren geltokitik Bideluzera kalejira egingo dute –urdinez janzteko eskaera egin dute– 17:30ean. Udaletxeko areto nagusian ez ohiko osoko bilkura izango da 19:00etan eta ordu erdi beranduago ostiraletako elkarretaratzea egingo dute Bideluzen. 20:00etan manifestazioa izango da udaletxeraino zanpantzarrek lagunduta.
- Lazkaon ere manifestazioa deitu dute, 20:00etan, plazatik aterata.