Udaberrirako asmoak jada lotzen hasita
Neguko urtaroa salto batean pasa nahiaren itxuran edo, udaberrian prest egongo diren lehen tipulin landareak salgai dira jada Ordizian. Izan ere, momentu honetan neguan jateko prest egongo diren barazkiak aspalditxo landatuak behar dute; «azken brokoliak, aza eta porruak geratzen dira, baina ia negutegietan landatu ohi diren urazak eta udaberriari begira gaude, tipulinekin hasita» azaldu digu Ibarrako Montes etxeko Patxi Izagirre gazteak.
Orain hasi eta udazken negu partean tripa bapo betetzeko gairik ez da falta asteazkeneroko honetan; barazkietan oraindik tomate eta piper ugari daude, nahiz eta batzuentzat aurtengo urtea ez den inondik ere ona izan produktu horientzat. Hasi berriak diren brokoli, bruzelazak, babarrunak txuri, gorri eta beltzak ugari ikusi ditugu postu askotan. Eta fruituetan erreparatuz, sagar eta udare mota berriak Idiazabalgo Kalbarioko salmahaian; baita Errezildik ekarritako izen bereko sagarrak ere, lehenengo hauek lurretik jasoak dira eta euro eta bi euro artean zuen salgai dozena Joxe Antonio Aizpuruk.
Gaztainari buruzko jakinmina
Oiartzungoak ziren atzo Lasaren postuan ikus zitezkeen gaztainak; hainbat bezerok arretaz begiratu eta gaztainaren inguruko galderak egitea ohikoa da. Izan ere, motaren arabera ezberdintasun handia antzematen zaiela diote. Umetan makina bat gaztaina bildutakoa den Joxe Telleria zegamarrak, esate baterako, zera esan digu: «duela 60-70 urte galtzen hasi ziren gaztainondoak, gaitzak jota; arbola berriak sartuta ere ez zuten hartzen, eta pinuak hartu zuen haien tokia. Geroago hasi ziren kanpotik ekarritako gaztainondoak sartzen eta oraingo denak ez dira hain onak nire gusturako, ez dira ondo egosten». Oraingo fruitu aukerari laster gehituko zaio intxaur berria ere.
Loreetan ere eskaintza edertzen ari da, ziklamen, azalea eta pentsamenduak dira momentuan ikusgarritasun handiena dutenak eta baita erakargarrienak ere. Lehen hauek kanpotik, Herbeheretatik-eta ekarriak dira; etxeko hazitik ekarritakoak beranduxeago izan ohi dira.
- Aste honetako prezioak