Zaldibiako festak ostiraletik asteartera ospatuko dituzte
Bihar hasiko dira Zaldibiako festak, asteartera arte. Bost egunerako, egitarau bete-betea prestatu du udalaren Festa Batzordeak. Ondoren, urriaren 12ko larunbatean Aske Eguna ere ospatuko dute, txosna batzordearen eskutik.
Astebukaera honi dagokionez, bihar mondeju zuria janez abiatuko da jai-giroa Zaldibian. Dastaketan 120 bat kilo mondeju banatuko ditu udalak, ardoarekin. Duela zortzi-bat urte hasitako ohitura gauzatuko dute aurretik, haurrek eta helduek kalejiran bilduko dituztelako hestebete hori egiteko osagaiak.
Festen hasierako txupina Txanbolintero txistulari taldeak botako du. Hamar-bat lagun dira taldean, adin askotakoak. Txistulariez gain, bi akordeoilari ere badituzte. Urtean zehar, herrian antolatzen diren hainbat ekitaldi alaitzen dituzte, musikarekin. Hileta zibiletan ere jotzen dute.
Aurten ere gauzaintza zerbitzua prestatu du udalak, ostiral eta larunbat gauetarako, eta urriaren 12ko gauerako. Parke Botanikoa eta Lardizabal eskolaren ingurua itxi egingo dituzte, 20:00etatik aurrera, eta ezingo da inor sartu eremu horretara. Duela bi eta hiru urteko txikizioak eta kalteak eragoztea da helburua. Herritar boluntarioek egingo dituzte gauzain lanak, hiruna orduko bi txandatan: 20:00-23:00 eta 23:00etatik aurrera.
Pilotari profesionalak, etzi
Egitarauaren egiturak urteroko forma edukiko du: larunbata mozorrotuen eguna da; igandea —Santa Fe—, kuadrillena; eta astelehen-astearteak haurrei eta jubilatuei eskainiko dizkiete.
Pilota partida ikusgarriak ere jokatuko dira. Larunbat arratsaldean amateur zaldibiarren eta profesionalen partidak egongo dira. Eneko Nazabal – Aitor Elizegi, eta Alex Sukia-Adur Murua ariko dira lehenik, Restin. Ondoren, Koka-Arruti eta Mendizabal-Eskudero profesionalak. Asteartean, herriko pilota eskolako haurrak jardungo dira, beste jaialdi batean.
Bertsotarako, Andoni Egaña zarauztarra eta Nerea Elustondo legazpiarra gonbidatu dituzte. Trikitiz kaleak alaitzeko, herriko trikitilari beteranoak zein musika eskolako gazteak prest dira.
Santa Fe jaien egitaraua
Bihar, ostirala. Urriak 4
- 18:30. Kalejira Olaldetik plazara, mondeju gaiak biltzeko.
- 19:00. Jaien hasiera eta aldarrikapena. Iztueta dantza taldea, danbor jotzaileak, txistulariak eta Gauerdi txaranga.
- Ondoren. Kalejira, txarangarekin eta buruhandiekin.
- 20:00. Mondeju dastaketa.
- 23:00. Imuntzo eta Beloki.
- 11:45. Iztueta dantza taldea.
- 12:45. Laguntasuna errondailaren emanaldia.
- 17:00. Mozorro-festa eta haurren jaialdia.
- 18:30. Pilota partidak.
- 20:30. Herrira manifestazioa.
- 23:00. Itziarren Semeak taldearen kontzertua.
- 01:00. Argilaurdenak taldea.
- 11:00. Txistularien goiz eresia.
- 11:00. Meza.
- 11:45. Bertsolariak: Andoni Egaña eta Nerea Elustondo.
- 12:00. Herriko trikitilariak.
- 14:30. Bazkaria, plazan.
- Bazkalondoan. Jundajo txaranga. Kuadrillen jokoak.
- 23:00. Tximeleta taldea.
- 11:00. Zezenak eta pottokak, Gorritirekin.
- 12:00. Hamaiketakoa, jubilatuentzat. Ondoren kalejira, Zaldibiako trikiti eskolakoekin.
- 16:00-19:00. Puzgarriak, Irrien Lagunenak.
- 13:30. Haurren bazkaria.
- 16:00. Haur jolasak.
- 18:00. Pilota eskolako kideen partidak.
- 10:00. Haur jolasak.
- 11:30. Herri kirolak: Zaldibiako eta Idiazabalgo taldeak.
- Ondoren. Trikiti, dantza eta bertso poteoa.
- 14:30. Herri bazkaria, plazan.
- Iluntzean. Ekitaldia.
- 23:00. Egurra ta Kitto eta Guri5! taldeak.