Edoskitzeak duen garrantzia azalduko du Irriargik Beasainen
Ia kasualitatez sortu zen Irriargi elkartea orain hiru bat urte Beasainen. Ama izan berri ziren bi emakumek topo egin zuten herriko denda batean, eta zituzten kezkei buruz hitz egiten hasi ziren oharkabean. Beldurrak, egunerokoan sortzen zitzaizkien arazoak, zalantzak eta abar partekatu zituzten. Lierni Ormazabal elkarteko kidea zen horietako bat, eta «hitz eginda soilik» lasaitu egin zirela azaldu du. «Elkartzeko gune bat falta zitzaigula konturatu ginen», dio, eta hortik sortu zitzaien talde bat eratzeko ideia.
Ainhoa Ibañezek kontatu du hasiera hartan «ahoz ahokoa» izan zela beren erreminta nagusia. Herritar batzuk gurasoentzako talde bat sortzekotan zeudela berehala zabaldu zen Beasainen, eta baita Goierriko beste zenbait herritan ere. Hala, Goierri guztiko hamar bat ama elkartu ziren lehenengo bilera hartan, orain hiru urte.
Lehenengo bilera haren atzetik beste batzuk etorri ziren. Hamabost egunean behin elkartzeko ohitura hartu zuten, eta «esperientziak partekatzeko, kezkak mahaigaineratzeko, intereseko gaiez mintzatzeko eta liburuak gomendatzeko» baliatu zituzten lehenengo bilkurak. Laster ohartu ziren, ordea, esku artean zuten horri gorputza emateko beharra zutela: «Egitura baten beharra genuen, lokal batena, gure helburuak idatziz nonbait biltzekoa». Eta hala hasi ziren elkarte bat sortzeko lehenengo pausoak ematen, «informalki sortu zen» proiektu horri nolabaiteko forma ematen, alegia.
Partekatzearen garrantzia
Egun, Irriargi Goierriko familien elkarte gisa identifikatzen da, eta «bizimodu kontzienteago baten alde» lan egiten dutes. Amatasunaren inguruan, haurren hezieraren inguruan, osasunaren edo elikaduraren alorrean —besteak beste—, egungo gizartean araututa dauden rol horietatik kanpo «gauzak egiteko beste modu bat» badagoela defendatzen dute. Eta horretan dabiltza.
Elkartea irekia da, eta nahi duen guztiari parte hartzeko gonbita egiten diote. Hasierako hamabosteroko dinamika galdu egin da, eta orain, hileko lehenengo larunbatetan elkartzen dira haziera bilkura egiteko. Hasieran ez bezala, «hazieraren inguruko gai jakin batetik abiatuta, horretan sakontzen» saiatzen dira. «Ahal denean, aditu baten kolaborazioa ere izaten dugu», diote taldeko kideek. Bihar egingo duten bileran, adibidez, adimen emozionala landuko dute, eta aurretik psikomotrizitateaz eta etxeko hezkuntzaz ere aritu dira. Aurrerago, «erditzeen inguruko eta jostailu eta jolasen inguruko beste saio batzuk» egitea ere pentsatzen ari dira.
Nahia Iraola ere ama gaztea da. Hasieratik taldeko kide izan ez bada ere, beharrak bultzatuta gerturatu zen Irriargira. Zalantzarik ez dauka ama izaterakoan «beste ama batzuekin gauzak partekatzea» garrantzitsua dela. Eta horixe aurkitu du berak Irriargin. Amatasuna berak nahi duen modura bizitzeagatik ere «errespetatua» sentitu da taldean, eta nabarmendu du hori kalean askotan ez dela horrela gertatzen.
Ormazabalek bizitako esperientzian oinarrituta, «Irriargin laguntza sare handia» sortu dutela uste du. «Edozeinek zerbait behar izan duen bakoitzean taldearen babesa sentitu du». Segurtasuna ere irabazi dute denbora honetan guztian, eta, batez ere, «besteengandik asko ikasteko» balio izan dio Ibañezi. Izan ere, «ama izatea zoragarria dela saldu diguten arren momentu gogor asko daude, batez ere inguruan babesik ez duzunean», azaldu du Ibañezek.
Informaziorik eza
Aipatutako hazieraren inguruko bilerez gain, edoskitze tailerra ere egiten dute hamabostean behin, «hileko bigarren eta laugarren astean 17:00etatik 19:00etara, Beasaingo Ttiklik elkargunean». Edoskitzea gai garrantzitsua da Irriargikoentzat, eta, horregatik, horren inguruan sakontzeko zerbait egitea erabaki zuten.
Hala, taldeko zenbait kidek edoskitzearen inguruko formazioa jaso zuten joan den ikasturtean, eta orain, «beste ama batzuei lagundu ahal izateko talde bat martxan jartzea da asmoa». Edoskitzearen inguruan «informazio falta handia» dagoela uste dute. «Maizegi esaten da bularra emateak zailtasun asko dituela, zaila dela, denek ezin dutela…».
Edoskitzearen inguruan norberak izandako esperientziak, liburuetan irakurritakoak edo eskura dauden informazio ezberdinek laguntzen dute, baina «arazoak sortzen ez diren bitartean», zehaztu dute. Horregatik, jasotako formazioa baliagarria izan zaie, «beste batzuei laguntzeko esperientzia baino zerbait gehiago» behar baita.
Emakumea eta kontziliazioa
Edoskitzearen unean, hainbat dira bidean sor daitezkeen arazoak: «Haurrak pisua behar bezala ez hartzea, ama lanera bueltatzeko unean edoskitzea nola jarraitu zehaztea…». Gaur egun, arazo horien aurrean «oso erraz jotzen da biberoi artifizialera», diote, baina beste bide batzuk badaude. Edoskitzea defendatzen dute Irriargin, «haurrarentzat onuragarria eta naturalena delako eta beti horrela egin delako». OME Osasunaren Mundu Erakundeak ere edoskitzea lehenesten du; «lehen seihilekoan gutxienez, haurra amaren esneaz soilik elikatu behar dela, eta ondoren, gutxienez bi urte bete arte bularra ematea hobesten du».
Baina edoskitzea ez da hori bakarrik, «ez da soilik elikadura». Bularra emateak «goxotasuna transmititzen die haurrei, segurtasuna, gaixo daudenean primeran doakie, eta erlaxatzeko ere balio dezake». Amaren eta haurraren arteko lokarria da, azken batean, bularra ematea.
Baina bularra emateak ere baditu bere argi-ilunak. Amarentzako «lotura handia» da, baina bueltan ematen duena «askoz ere gehiago da». Hortik harago, edoskitzearen unean, edo heziera garaian, gaur egungo emakumeek duten beste zailtasunetako bat da kontziliazioarena. Alde horretetatik «hasierako puntuan» daudela uste dute Irriargikoek: «Oraindik guztia dago egiteko». Diotenez, kontraesan handiena da «OMEk sei hilabetetan haurrari bularra soilik ematea gomendatzea eta amatasun baimena lau hilabetekoa izatea», adibidez.
Aitek edoskitzean edo haurraren hezieran duten eginkizuna ere bada beste eztabaidetako bat. «Asko egin dezakete, baina oraindik kontzientziazioa falta zaie oro har». Poliki-poliki gizonezkoen egitekoa ere ari da zentzu horretan aldatzen, baina «kostatzen ari zaie». Dena den, «nondik gatozen» ezin dela ahaztu diote, eta gogorarazi dute orain dela gutxira arte gizonezkoek haurren heziketan izan duten protagonismoa amarenarekin alderatuta oso txikia izan dela.
Europako Edoskitze Astea
Lan asko dago egiteko oraindik, eta, horretarako, garrantzitsua da egiten dutena plazaratzea. Horregatik, bat egingo dute igandetik hilaren 13ra Europan egingo den Edoskitze Astearekin. Beasainen hilaren 8tik 12ra antolatu dituzte ekintzak Bularra ematen duten amentzako laguntza: hurbilekoa, etengabea eta aproposa lelopean.
Askotariko ekintzak antolatu dituzte familientzat eta haurrentzat, baina helburu nagusia egiten dutena plazaratzea da, eta ahal duten neurrian informazioa banatzea. Ipuin kontaketa, edoskitze tailerra eta hitzaldia daude antolatuta, eta edoskitze festa hilaren 12rako.
Nabarmentzekoen artean, elkarteak postuak jarriko ditu kalean «nahi duenari informazioa eman eta dituen kezkak argitzeko». Gainera, mural erraldoi bat osatzeko asmoa ere badute. Edoskitzea gai hartuta, argazkiak, marrazkiak, testuak, esaldiak eta beste uztartuta, collage handi bat osatu nahi dute, herritarren parte hartzearekin.
Gai beraren inguruan argazki lehiaketa ere antolatu dute. Arrakasta «handia» izan du, eta ia ehun argazki jaso dituzte, «mundu guztikoak». Sari banaketa egingo dute, eta, ondoren, erakusketa ibiltaria jarriko dute Goierrin barrena. Amaitzeko, egun hori antolatzen lagundu dieten elkarte, denda eta erakundeei eskerrak eman dizkiete, «haiek gabe ezinezkoa» izango litzatekeelako.
Edoskitze Astea – Egitaraua
- Hilak 8, asteartea. 17:30ean, ipuin kontaketa saioa Maite Frankorekin. Loinazko San Martin plazan.
- Hilak 9, asteazkena. 17:00etatik 19:00etara, edoskitze tailerra. Ttiklik gunean.
- Hilak 10, osteguna. 18:00etan, Amagandiko edoskitzearen gakoak hitzaldia euskaraz Euskadiko Esnearen Liga taldeko Edurne Gerrerorekin. Igartza jauregian.
- Hilak 12, larunbata. 10:00etan, hainbat posturen irekiera. 10:30ean, argazki erakusketa eta edoskitzearen inguruko muralaren irekiera. 11:00etan aurpegi margotzea eta hamaiketakoa. 12:30ean, bular emate kolektiboa. 13:00etan, argazki lehiaketako sari ematea. 14:00etan, festaren amaiera.