Estandako neskak aurreko denboraldiko azken partidan.
Asteburu honetan hasiko da emakumeen areto futboleko bigarren mailako 2013-2014 denboraldia. Estanda Ordizia KE taldeko neskek Bilbon jokatuko dute lehen aurrez aurrekoa Tecuni Bilbo Salaren aurka.
Iñaki Heras eta Emilio Ortizek gidatuko dute Ordiziako taldea. Ortizen hitzetan bi taldeentzat garrantzitsua izango da hiru puntuak lortzea; «lehen mailara igotzeko
play offa jokatzeko lehian egongo dira bi taldeak», dio. Ilusioz beteta doaz Bilbora, hala ere, jakitun dira ez dela norgehiagoka erraza izango. Etxean jokatuko duten denboraldiko lehen partida datorren igandean izango da, urriak 13, Fisober FSF galiziarren aurka.
Aurreko denboraldian Espainiako Zilarrezko mailako liga erregularra hirugarren postuan bukatu zuen areto futboleko nesken taldeak, eta horrenbestez, Lehen Mailara igo ahal izateko
play off-ak jokatzeko atarian geratu ziren.