Herriraren aurkako polizia operazioa salatzeko mobilizazio sorta egiten ari dira aste osoan, Goierriko herririk gehienetan. Gaur, lantegien txanda izan da. Sindikatuen deialdiari erantzunez, Goierriko hainbat lantegitan egin dituzte elkarretaratzeak goizean zehar: CAF, Irizar, Arcellor, Indar, Jaso, Guerra Hermanos eta Elevadores Goian enpresetan. Ikastetxeetan ere egin dituzte lanuzteak eta protestak, tartean Goierri Lanbide Eskolan eta Ordiziako Jakintza ikastolan. Beasaingo udaletxe aurrean eta Urretxu-Zumarragako Areizaga-Kalebarren plazan ere egin dituzte protesta bilkurak.
LAB sindikatuak azaldu duenez, “gero eta indartsuago zetorren preso eta errefuxiatuen aldeko mugimendua geldiarazi” nahi izan dute operazio horrekin. Hala, “itun antiterroristaren aro politikoa, makrosumarioek eta ilegalizazioek markatu duten aro politikoa” luzatu nahi dutela salatu dute, “estatua inmobilismoan” kokatuta dagoen bitartean. Horren aurrean, “hemen bildu garen eragile eta langileok preso eta errefuxiatuekiko eskubideekin zalantzarik gabeko konpromisoa” hartua dutela azaldu dute, eta bide batez, bihar Bilbon egingo den manifestaziorako deia egin dute.
Mobilizazioak herriz herri
Gaurko Goierriko hainbat lantegi eta udaletxe atarietan deitutako elkarretaratzeez gain, iluntzean mobilizazio gehiago izango dira eskualdeko herri nagusietan:
Legazpin elkarretaratzea egingo dute Euskal Herria plazan, 20:00etan.
Urretxun eta Zumarragan hamabi orduko elkarretaratzea egingo dute. 12:00etatik hasita bi orduko txandatan sindikatuek, senideek eta presoen lagunek, Bilduko kideek eta gazteek hartuko dute Areizaga-Kalebarren plaza. 20:00etan Urretxuko eta Zumarragako kaleak zeharkatuko dituen giza katea osatu nahi dute Areizaga-Kalebarrenen elkartuta.
Ordizian polizia operazioa salatzeko topagune iraunkorra izango da plazan 16:30etik 20:00etara. Hainbat eragilek lekukoa hartuko dute elkarren segidan: langile mugimendua, euskalgintza, gazte mugimendua eta mugimendu feminista, hezkuntza eta ikasle mugimendua, kirol eta dantza taldeak, musika taldeak, merkatariak eta ostalariak, talde politikoak eta herritarrak. Ondoren, 20:00etan manifestazioa egingo dute herrian barrena konponbideari erasorik ez, Euskal Presoak Euskal Herrira lemapean.
Beasainen mobilizazio eguna deitu dute. Tren geltokitik Bideluzera kalejira egingo dute –urdinez janzteko eskaera egin dute– 17:30ean. Udaletxeko areto nagusian ez ohiko osoko bilkura izango da 19:00etan eta ordu erdi beranduago ostiraletako elkarretaratzea egingo dute Bideluzen. 20:00etan manifestazioa izango da udaletxeraino zanpantzarrek lagunduta.
Lazkaon ere manifestazioa deitu dute, 20:00etan, plazatik aterata.
Goierritik Bilbora
Bilbora joateko autobus txartelak hartzeko tokiak honakoak dira: Legazpin Kukue eta Karibe tabernetan; Urretxun eta Zumarragan LABen egoitzan, gaztetxean, Osaban eta Motzen; Beasainen eta Ordizian ohiko tokietan; Zegaman Itzala tabernan, Seguran Elorripen eta Idiazabalen betiko tokietan; Lazkaon Herrikoan, Giroan, Zelatan eta Erlon.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.