Autobus zerbitzua hobetzeko, partehartze prozesua jarriko dute martxan
Foru Aldundiko Mugikortasun Sailaren laguntzaz, autobus zerbitzuak hobetzeko asmoz partehartze prozesu bat martxan jartzera doaz Gipuzkoako 56 herritan. Gaur goizean aurkeztu dute prozesua Beasaingo Igartza jauregian Goierriko hainbat herritako alkateek edota udal ordezkeariek, eta Unai Erroitzenea Foru Aldundiko Mugikortasun zuzendariak.
Prozesu honek lau fase izango ditu eta urriaren 15ean hasi eta datorren urteko abendura arte irautea aurreikusten dute. Lehen fasean, herri guztietan bilerak egingo dituzte erabiltzaileekin zein gainerako herritarrekin, zerbitzuak hobetzeko proposamenak jasoz. Proposamenak, bileretan jasotzeaz gain, garraioahobetzen.net web orrialdean edota Facebook zein Twitter bidez ere eman ahal izango dira. Horrez gain, Gipuzkoako etxeetan 150.000 diptiko ere banatzekoak dira eta proposamenak emateko postontziak jarriko dira herrietan. Galdetegiak betez parte hartzen duten guztien artean autobusetan erabiltzeko 20 euroko bonoak zozketatuko direla azaldu dute gaurko aurkezpenean. Hori gutxi balitz, azaroaren 13, 14 eta 15ean Foru Aldundiko zenbait teknikari autobusetan ibiliko dira erabiltzaileen arazo eta iritzi ezberdinak jasotzeko.