Ezin izan du garaipena lortu Estanda Ordiziak denboraldiko lehen partidan
Larunbatean jokatu zuten Estanda Ordiziako neskek emakumezkoen areto futboleko bigarren mailako 2013-2014 denboraldiko lehen norgehiagoka. Bilbon izan zen partida, Tecuni Bilbo Salaren aurka; 5-3 galdu zuten goierritarrek.
Estandako jokalariek norgehiagoka gogorra espero zuten arren; aurkariei aurre egiten jakin zuten. Emilio Ortiz entrenatzailearen arabera, hainbat jokalari bajan egoteak eragin nabarmena izan zuen: “fisikoki gutxiago izan ginen”. Hain zuzen ere, Leticia Diaz, Oihana Balerdi eta Ane Garmendia ez dira oraindik taldearekin jokatzen hasi aurreko denboralditik dituzten lesioak direla-eta. Era berean, Ane Izagirren beasaindarrak ere ezin izan zuen jokatu.
Lehen mailarako igoera lortu ahal izateko play off-a jokatzea dute helburu Estanda Ordiziakoek. Horretarako, taldea bere osotasunean aritzea “beharrezko” ikusten du Ortiz entrenatzaileak.
Hurrengo partida Ordizian izango da igande honetan Fisober FSF galiziarren aurka.