Urriaren 17an jarriko dute martxan Legazpin hondakinak biltzeko sistema mistoa
Hondakinen bilketarako sistema mistoa datorren urriaren 17an jarriko dute martxan Legazpin. Herriko alde ezberdinen iritziak eta esanak kontutan hartuta erabaki du Legazpiko udalak herrian sistema hau ezartzea. Asteazkenean hasi eta hilaren 14ra bitartean sistema berriarekin funtzionatzen hasteko beharrezko materiala banatuko dute. Sei hilabeteko froga egingo dute sistema honekin. Denbora hori pasata lortutako emaitzen gaineko balorazioa egingo du udal gobernuak.
Sistema berriaren inguruko xehetasunak emateko prentsaurrekoa eskaini du gaur arratsaldean udal gobernuak. Kepa Urtzelai alkateak esan zuenez, bilketa sistema berriarekin «%73 baino gehiago birziklatzea posible izango da», gaur egungo tasa 30 puntutan handituz. Datuei erreparatuta, Legazpin «soilik %35 bueltan» birziklatzen da gaur egun.
Materialen banaketa asteazkenetik aurrera
Materiala bihartik aurrera banatuko dute herritarren artean. Banaketa egiteko herria bi multzotan banatu dute, «herritarrei erraztasunak emateko». Lehenengo multzoan daude Urtatza, Ariztiaundi, Laubide, San Juan eta Zubiaundia auzoak. Urriaren 10ean 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, urriaren 12an 10:00etatik 13:00etara eta urriaren 14an 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara jaso ahal izango dituzte materialak «Laubide 16an, Hegialdeko txosna jartzen den lekuan».
Bigarren multzoan daude gainontzeko auzoak eta landa eremua. Hauek «Euskal Herria plazako arkupeetan jasoko dute materiala», bihar 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, urriaren 11n 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara eta urriaren 12an 10:00etatik 13:00etara.
Bilketaren antolaketa
Sistema mistoarekin orain arte bezala «kaleko edukiontzietan bilduko dira ontzi arinak, papera eta kartoia, beira, etxeko olioa, pilak eta arropak». Errefusa atez ate jasoko beharko dute bizilagun guztiek kuboen bitartez. Horretarako zintzilikarioak jarriko dira herriko toki publikoetan «85 gune guztira». Familia bakoitzak erabaki ahal izango du organikoa nola bildu : «Edukiontzi marroiaren bitartez, edo errefusa bezala, atez ate zintzilikarioetan».
Organikoaren bilketarako kubo aireztatua eta poltsa konpostagarriak banatuko dituzte. Bosgarren edukiontzia aukeratu dutenei hau irekitzeko giltza banatuko zaizkie, eta atez ate jasoko dutenen artean, aldiz, kalera ateratzeko kubo itxia banatuko zaie.
Pixoihalak berez, errefusarekin batera atera behar dira, baina «haurrak edo adineko pertsonak dituzten familientzako» txip bidezko edukiontzi bat jarriko dute. Edukiontzia grisa izango da, «errefusarena bezala» eta «pertsonalizatutako giltza bidez funtzionatuko du». Herrian zehar pixoihalak uzteko 11 gune jarriko dituzte. Alkateak sistema mistoak funtziona dezan herritarren parte hartzea beharrezkoa izango dela esan du, horregatik «materialen bilketa hasten den unetik» beraien lankidetza eskatu du.
Hondakinei buruzko informazio bulegoa asteartetan eta ostegunetan 17:30etik 19:30era egongo da irekita urriaren 17ra arte. Hortik aurrera egunero irekiko dute ordutegi berean, udaletxean. Herritarren eskura dago, era berean legazpi@sasieta.org helbidea eta 943 73 71 79 telefonoan.
Plataformak bilerak deitu ditu
Bestalde, Atez atekorik ez, birziklapena bai herri plataformak bilerak deitu ditu biharko eta etziko «aurrera eramango dituzten ekintzen berri» emateko. Desobedientzia zibila deitu dute. Bihar, Domingo Agirre ikastetxean eta etzi kultur etxean izango dira bilerak 19:00etatik aurrera.