Ataungo Hiru Txilipurditan ekimenak hasi ditu zirko, antzerki eta batukada ikastaroak
Hiru Txilipurditan ekimena abian da, Ataunen. Irailean ekin zioten zirko, antzerki eta batukada eskolei, ekimen herrikoitik abiatutako ikastaroetan. Aste egunetako arratsaldeetan, haurrei eta gazteei aisialdirako eskaintza zabaltzea du helburuetako bat. Zirko eskola, antzerki tailerra eta batukada ikastaroa eskaintzen ditu, hasiera honetan. Irailean ekin zion ibilbideari. Sorkuntza eta arte eszenikoen arloak «modako» daudela, baina herrian ez zuela «arrankatzen» ikusita, hiru txilipurditan eszenaren erdira jauzi egin du.
Ainara Lasa eta Sandra Cliville gurasoek bultzatuta erne da Hiru Txilipurditan. Hiru espresio edo arte modalitate horiek eskaintzen dituzte oraingoz; baina «hasiera» besterik ez dela argi utzi du Lasak. «Zirkoarekin, antzerkiarekin eta batukadarekin hasi gara, horietan baditugulako espezialistak Ataunera etortzeko prest daudenak, modu ekonomikoan», azaldu du Lasak.
Ekainean egin zuten erakustaldi bat, eta izena emateko epea ahitu ahala, «sorpresaz» hartu zuten hiru arloetan taldeak osatu izana.
Adin askotako herritarrentzat zuzenduta daude eskolak; bai haurrentzat, bai gazteentzat, are helduentzat. Hala, beste helburuetako bat hortik ondu nahi du: belaunaldien arteko eta adin askotako ataundarren arteko topagune izatea. «Garrantzitsua da hori, harremantzeko aukera bat delako».
Zirkogintzan, esate baterako, bi talde osatu dira. Haurrenean —4-9 urte artekoak— 15 lagun dabiltza. Ataungoak ez ezik, Goierriko beste herri batzuetatik ere hurreratu dira: Idiazabalgo hiru familia, eta Mutiloako nahiz Ordiziako bana joaten dira. Helduen zirko taldea zazpi pertsonak osatzen dute.
Antzerkia eta batukada
Herri Antzokian egokitzapen batzuk egin dituzte, zirkoko malabareak, orekak eta teknikak landu ahal izateko. Sokak finkatzeko lokailuak jarri dituzte, adibidez. Oihalezko zutabeetan zintzilikatzen, ziburuetan bira osoak ematen edo trapezisten moduan zabuka ibiltzen erakusten diete.
Batukada ikastaroa ere antzokian bertan ematen dute. Zortzi lagun ari dira, perkusio erritmoak ikasten. Haur antzerki tailerra, berriz, udaletxeko ganbaran egiten dute, 3-8 urte arteko zortzi umerekin. Hala, aisialdian «espezialitate desberdinak» ikasteko modua dute Ataunen. Antzerkigintzako ikastaroa orain hilabete hasi zen. Batukadakoa eta zirkokoa, irailaren 23ko astean.
«Ataunek baditu baliabideak eta azpiegiturak, eta udala uzteko prest agertu da. Baina gauzatzea falta zen». Txinparta hori gurasoek piztu dute, eta arrakasta hasiera-hasieratik eduki du. «Hasiera da, eta gauza denetan bezala, kostatu egin da. Mesfidantza txiki bat ere sumatu dugu. Baina kontua da mugimendua dagoela herrian bi arratsaldetan —asteazkenetan da zirko eskola, ostegunetan beste bi biak—. Herri Antzokia itxita egoten zen lehen; orain, ez. Herritarren esku dago aurrerantzean zer egin. Herria aldatzeko eta gauzak jartzeko, herritarrek egin behar dute aurrera», dio Lasak.
Hiru Txilipurditan ekimena bultzatzeko arrazoi bat, hain zuzen, haurrentzat eta gazteentzat herrian dagoen eskaintza «falta» dela dio. «Lehen musika eta kirola zeuden. Musika kendu zuten, eta orain kirola dago soilik. Hori baino gehiago nahi genuen».
Goierrin erreferentzia
Hiru ekimenetan parte hartzen ari diren haurrak eta larriak «oso-oso gustura» daudela ikusi du Lasak. «Familiak ere bai, Ataunen halako aukerak egotea pribilegio bat dela esaten dute. Eta esker oneko daude. Gazteak motibatuta ere bai, batukada nahi zutelako, baina orain arte ez dutelako lortu jartzerik».
Ataunera aisialdiko jarduerak egitera herriz kanpoko jendea joateari ere garrantzia berezia eman dio Lasak. «Ataun Goierriko mapan jarri dugu, aisialdiari dagokionez. Herri bezala zer eskainia du. Ataunera inor etortzen ez den kontua desmitifikatu dugu».
Aurrera begira, ahalaren arabera eta herritarren eskaria aintzat hartuta, Hiru Txilipuditan zabaldu nahi dute. Txilipurdiak egitea «formatzea eta ondo pasatzea» ere badelako.