Argia itzali ez dadin
Elkartasunaren taupadarekin bat egiteko deia egin du Tuterako Argia Ikastolak (Nafarroa). Gurasoak eta langileak burubelarri ari dira datorren iganderako dena prestatzen, baita Nagore Goiburu eta Argiñe Korta goierritarrak ere. Olaberriako Nagore Goiburuk Tuterako ikastetxe publiko batean egiten du lan, eta bere aletxoa jartzen ari da Erriberan euskarak bizirik segi dezan. Argiñe Korta ezkiotarra, berriz, bete-betean murgilduta dago Nafarroa Oinezen prestaketan.
Elkartasunaren taupadarekin bat egiteko deia egin du Tuterako Argia Ikastolak (Nafarroa). Gurasoak eta langileak burubelarri ari dira datorren iganderako dena prestatzen, baita Nagore Goiburu eta Argiñe Korta goierritarrak ere. Olaberriako Nagore Goiburuk Tuterako ikastetxe publiko batean egiten du lan, eta bere aletxoa jartzen ari da Erriberan euskarak bizirik segi dezan. Argiñe Korta ezkiotarra, berriz, bete-betean murgilduta dago Nafarroa Oinezen prestaketan.
Argia ikastolan 22 urte daramatzan irakasle ezkiotarrak helburu nagusi bat du: Erriberan euskararen taupadari eusten jarraitzea. Horretarako, ordea, «zailtasunak handiak dira». DBHn irakasten segi ahal izateko Nafarroako Gobernuak eskakizunak areagotu egin ditu eta inbertsoak egin behar izan dituzte. Argia Ikastolaren kasuan, kiroldegi bat eraiki behar izan dute, baina administrazioaren aldetik ez dutela inolako erraztasunik jaso aitortu du Kortak, pisu guztia familiek jasan behar izan dutela erantsiz.
Horrez gain, «Euskararen Legeak kalte handia» egin duela dio irakasle ezkiotarrak, Nafarroako Gobernuak eredu berriak ezarri eta «euskaldunak eta euskara bera ikusezin» egin dituelako. Hori dela eta, Kortaren ustez «gurasoek ez dute ikastola beste aukera bat bezala ikusten» eta matrikulazio epean ez diete aintzat hartzen. Erriberan 100.000 biztanle inguru daude eta Argia Ikastola da irakaskuntza D ereduan eskaintzen duen ikastetxe bakarra.
Tuteratik ez ezik, beste 13 herritako ikasleak jasotzen dituzte, baina familia horiek ez dute inolako languntzarik jasotzen garraioa edo jantokia ordaintzeko. Ikasle batzuek ikastolara joateko 80 kilometro egiten dituzte egunero joan-etorrian.
Egoera ekonomikoak ere ez du batere laguntzen eta «ikastolara euren seme-alabak eramango lituzketen guraso gehiago egon arren, guztiek ezin dute ahalegin hori egin». Horrek guztiak, aurrez aipatutako Euskararen Legearekin batera, «oztopo nabarmena» egiten diela adierazi du Kortak, matrikulazio kopuruan eragin zuzena izanik. Azken urteotako ikasle kopuruaren bilakaerak kezka eragiten die Argia Ikastolan, «matrikulazioa nahiko geldirik» baitago.
Bestalde, Nafarroako Gobernuarekin duten harremana «guztiz formala» dela kontatu irakasle goierritarrak. «Arlo administratiboa, formakuntza, ikuskariaren eskakizunak… beste ikastetxe batenak bezalakoak dira, baina ikastolaren egoeraz eta Euskararen Legeak sortzen dien kalteaz ez dute inongo elkarrizketarik nahi».
Adorea eta elkartasuna
Egungo egoera latza dela ezin du ezkutatu Ezkiotik Tuterara joandako irakasleak. Eta etorkizuna ere ez dela batere samurra izango argi du. «Ikastolaren bizimodua inoiz ez da izan erraza», baina etorkizuna ez dutela sekula «gaur bezain gordina ikusi» aitortu du Kortak.
Bide horretan «guztion ahalegina inoiz baino garrantzitsuagoa da, eta festaren leloak dioen bezala, taupadarekin bat egin eta askoren laguntzari esker, Erriberan euskararen taupadari eusten jarraituko» dutela adierazi du Kortak.
Ezkiotarraren esanetan, «Argia Ikastolak badaki adorez begiratu behar diola nahitaez etorkizunari», eta beste urrats bat gehiago egin dute horretarako: «Kiroldegi bat eraiki beharra izan dugu DBHko zikloa ireki ahal izateko, eta dirutza bildu beharko dugu lan hau ordaintzeko». Eta are garrantzitsuagoa dena, «euskararen mugari Ebro ibaiaz harago eustea lortzeko eta gure ikastolak Erriberako hezkuntza esparruan ezinbesteko ikastetxe izaten jarrai dezan». Proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa ziurtatu nahi dute aurtengo Nafarroa Oinezekin.
Egun handiaren zain
Argia Ikastolak begiz jota du datorren igandea –urriak 20–, egun horretan jasotako erantzunak eragin handia izan baitezake Erriberako ikastolaren etorkizunean. Hirugarren aldiz antolatuko du Argia Ikastolak Nafarroako ikastolen jaia, 1995an eta 2002an egin bezala, eta prestaketak azken txanpan dira.
Ekitaldiak lotuta dituzte eta muntaia zehazten dihardute, batez ere giza baliabideak lortzen. Festaren egunean 1.000 laguntzaile inguru beharko dituzte, Euskal Herri osoko ikastoletakoak, elkarteetakoak, lagunarteak… Dena den, orain arte ere ekitaldi ugari antolatu dituzte urtean zehar: aurkezpen jaia, Nafarroako Dantzari Txiki Eguna, Kilikada, Artea Oinez, Fermin Muguruzaren kontzertua, San Ferminetako txozna…
Urriaren 20ko ekitaldia Euskal Herrira zabaltzea nahi dutela dio Kortak, Euskal Herriak Argia Ikastola ezagutu behar duela, euren proiektua, euren lana. «Argia Ikastolak bizirik dagoela erakutsi nahi du, eta nola ez, bizirik irauteko laguntza hori behar du». Ikastolari begira elkartasun erakustaldiak beti izan dituztela adierazi du Goierriko irakasleak, eta «Argia Ikastolari laguntzeak merezi izan duela sentitzea» nahi dutela.
Argia Ikastola osatzen dutenak helburuen lorpenerako ahalegin guztia ari dira egiten, eta argi daukate esfortzu hori guztia ezinezkoa litzatekela banakako, instituzio edo enpresen laguntzarik gabe. Era berean, goierritarrek beste behin ere Nafarroa Oinezekin elkartasun jarrera izango dutela zalantzarik ez du Kortak.
Hilaren 20an Tuterara joaterik ez duenak, bere aletxoa ere jarri lezake, etxetik mugitu gabe. Ibilbide birtuala egin du Nafarroa Oinezen antolakuntzak eta laguntza eman nahi izanez gero metroak erosteko aukera dago nafarroaoinez.net webgunean. Jaialdiari buruzko informazio gehiago ere badago bertan dago.