Maialen Arangurenek eta Ana Peñak egingo dute ikerketa, eta biktimen oroitzapenarekin batera 36ko gerrak Zumarragan eragindako bilakaera aztertuko dute
Zumarragako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin laguntzaz bultzatutako Memoria Historiakoaren bekaren onuradunak Maialen Aranguren eta Ana Peña dira. Biak ala biak lanean ari dira jada, ikerketa martxoaren 3rako amaitu behar dute eta. Mikel Serrano alkateak esandakoaren arabera, ikerketaren emaitzak «biktimei eskainitako omenaldia izateko xedea du». Ikerlanak hala ere, «ez du inoren alde egiteko asmorik, errespetutik eta legea betez gertatu zenaren informazioa ezagutarazi nahi dugu», dio alkateak.
Berria.info- Hasi da Euskal Herriko gazte mugimenduaren aurka inoiz egin den epaiketarik handiena. Berrogei gazte epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalak San Fernando de Henaresen duen egoitzan, Segiko kide izate hutsaren akusaziopean. Seina urteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak —denera, 240 urtekoa—, batik bat, inkomunikazio aldiko deklarazioetan oinarrituta. Hiru saio egingo dituzte, goizeko 10:30ean hasita, gaur, bihar eta etzi. Ondoren, azaroaren 25, 26 eta 27an, eta abenduaren 9, 10 eta 11n daude jarrita auzi saioak, baina gehiago ere izan litezke. Auzipetuen artean daude Ion Telleria idiazabaldarra eta Xumai Matxain zaldibiarra.
Auzobusaren inguruko batzar irekia deitu du biharko Urretxuko udalak. Bileraren helburua garraio publikoak eskaintzen duen zerbitzuaren inguruko iradokizunak jasotzea izango da, auzoetako 0bizilagunekin beraiekin zuzenean bilduz. Bilerari 19:00etan emango diote hasiera Urretxuko Aizpurunea kultur etxean. Auzobusa irailaren hasieran jarri zuen martxan Urretxuko udalak. Herri barruko autobus zerbitzu honekin udalak Urretxuko zenbait auzoetarako irisgarritasuna hobetu nahi izan du.
Elkartasunaren taupadarekin bat egiteko deia egin du Tuterako Argia Ikastolak (Nafarroa). Gurasoak eta langileak burubelarri ari dira datorren iganderako dena prestatzen, baita Nagore Goiburu eta Argiñe Korta goierritarrak ere. Olaberriako Nagore Goiburuk Tuterako ikastetxe publiko batean egiten du lan, eta bere aletxoa jartzen ari da Erriberan euskarak bizirik segi dezan. Argiñe Korta ezkiotarra, berriz, bete-betean murgilduta dago Nafarroa Oinezen prestaketan.
Urretxuko Goierri kirol elkarteko mendi sailak Alaitzeko mendizerrara irteera antolatu du datorren iganderako. Irteera 7:00etan izango da, elkartearen egoitza parean, Jose Mari Lasa plazan. Irteeran parte hartu nahi dutenentzat irekita dago jada izena emateko epea. Bazkideek 12 euro ordaindu beharko dute eta bazkide ez direnek berriz, 15. Informazio gehiago nahi duenak Goierri kirol elkarteren web gunea bisitatu dezake.