Gaur goizeko elkarretaratzea Tolosako Epaitegi aurrean.
Goierriko Kaleratzeak Stop elkartekoek deituta hainbat lagun bildu dira Tolosako Epaitegi aurrean gaur goizean zehar. “Ez zaude bakarrik” zioen kartelarekin, Ordiziako bikote bati babesa ematera joan dira bertara. Hain zuzen ere, ordiziar hauek doako justizia eskatu dutelako kasuaren ikustaldia egin behar zuten epaitegian; euren etxearen gaineko kasua irekitzea nahi dute.
Duela bi urte euren etxetik kaleratuak izan zen Ordiziako bikotea. Senarrak egiten zuen lan, baina gaixoaldi luze baten ondorioz ezin izan zion hipotekari aurre egin. Kaleratzeak Stop elkartetik kontatu dutenaren arabera, “orduan etxegabetzeen kontua hasi berria zen eta ez zuten laguntzarik izan ordiziar hauek”. Bikotea Kutxarekin negoziatzen ahalegindu zen arren, “egoerak gaindituta eta lotsastuta” etxea utzi zuten.
Etxerik gabe geratu arren, bikoteak zor handia du oraindik Kutxarekin. Kasu berezia da honakoa elkartekoen arabera, gizonak “soldata oso ona” baitu. Kutxak baina, duen zorra dela-eta, soldata enbargatu egin zion. Hala, duela bi urtetik 800 eurotik gora irabazten duen guztia Kutxak bereganatzen du; 1.500 euro inguru hilero hilero. “Diru horrekin alokairua eta eguneroko gastuak ordaindu behar dituzte”, diote. Edozein laguntza eskatzeko garaian, gainera, nominari begiratzen diote eta gutxienekoak gainditzen dituenez ez dute ezer jasotzen. “Caritasera jotzen dute erropa eta janari bila, egoera oso txarrean daude”, diote.
Orain, nomina enbargatua dutela kontuan hartuta, doako justizia eskatzen dute. Euren kasua berriz irekitzea nahi dute zorra etxearekin kitatu edo hipoteka ordain jarraitzeko negoziatu ahal izateko.