Ilinti merkatari elkarteak udazkeneko porra jarri du martxan
Martxan da dagoeneko Legazpiko Ilinti merkatarien elkarteak antolatutako udazkeneko porra. Herriko merkataritza sustatzea eta herriko dendetako bezeroak modu batean edo bestean saritzea dira jolasaren helburu nagusiak. Hala, herriko bi erakusleihotan erakusgai dauden produktuen eta zerbitzuen prezio zehatza asmatzea da merkatari elkarteak oraingo honetan legazpiarrei proposatzen diena.
Aizkorri kaleko Apatxo paper dendako eta Laubideko Creaciones Lorea dendako erakusleihoetan Ilinti elkarteko bazkide diren 24 dendetan eskaintzen diren produktu eta zerbitzuak daude erakusgai. Parte hartzaileek produktu eta zerbitzu guzti horien zenbateko zehatza asmatu behako dute. Pasatu gabe, benetako preziora gerturatzen denak herriko dendetan gastatzeko 1.000 euroko erosketa bale bat irabaziko du.
Parte hartzeko txartelak Ilintiko dendetan daude eskuragarri. Bertan, erosketaren bat egiten den unean txartel horietako bat jasoko du bezeroak. Produktuak ikusgai dauden bi erakusleihoak aztertzea eta hauen balio zehatza txarteletan jartzea izango da, gero, parte hartu nahi dutenek egin beharreko lana.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, asmatzaile bat baino gehiago egonez gero, saria guztien artean banatuko da.