Majorin egokitu dituzten entsegu lokalen irekiera egin dute
Ordiziako musikariek urte askoan izan duten behar bati irtenbidea emanez, musika taldeentzat zortzi entsegu lokal egokitu dituzte Majori kiroldegian. Udaleko ordezkariak eta Ordiziako Trobadore Alaiak taldekoek ere pozik agertu ziren atzo elkarlanean osatu duten proiektuarekin.
Ordiziako Trobadore Alaiak taldearen izenean, Urko Ruiz de Apodakak taldearen sorreratik entsegu lokal publikoak lortzea helburuetako bat zela gogorarazi zuen. “Eskerrak eman nahi dizkiogu udalari izan duen borondateagatik, musikarion beharretara eta eskakizunetara egokitu baitu proiektua”, esan zuen Ruiz de Apodakak.
Musikarako ez ezik, herriko bestelako artista taldeen elkarlanerako gune ere bilakatu nahi dute Trobadore Alaiek lokalen eremua. Gunearen funtzionamendu eta antolaketa egokirako lehen bilera joan den asteazkenean egin zuten udaleko ordezkari eta musikarien artean. Behin bizikidetza arauak adosten direnean hitzarmena sinatuko dute.
Ordiziako “El cerdo que Grunge” taldeak zuzenean hiru abesti eskaini zituen eta ondorengo luntxarekin eman zioten amaiera lokalen inaugurazioari.













