'Euskaraz bizi nahi dut!' herri lasterketak egingo dituzte larunbatean Urretxun eta Zumarragan. Ekimena Kontseiluak sustatutakoa bada ere, Urretxu eta Zumarragako euskalgintza foroak antolatuko du larunbatekoa. Juanlu Araburu Kontseiluako eta Urretxuko eta Zumarragako euskalgintza foroko kideak esan duenez «Kontseiluak tresna hori jarri du herritarren eskura hizkuntzaren erabilera normalizatzeko helburuarekin, baina tokian tokian forma ezberdina hartuko du».
Azken urteetan egindako erakusketetan aurkeztutako margolanen aukeraketa bat egin du Iñaki Mariñelarenak (Zumarraga, 1971). Margolan horiekin osatutako bilduma ikusgai egongo da Zumarragako Zelai Arizti kultur etxeko aretoan ostiraletik azaroaren 3ra arte. Erakusketa ostiralean inauguratuko dute 19:00etan. Formatu handiko koadroak dira gehienak. Akrilikoak zein collage teknika erabili ditu asko, eta birziklatutako objektu ugari dago agerian nahiz ezkutuan. Eskulturak ere biltzen ditu erakusketak.
Ordiziako musikariek urte askoan izan duten behar bati irtenbidea emanez, musika taldeentzat zortzi entsegu lokal egokitu dituzte Majori kiroldegian. Udaleko ordezkariak eta Ordiziako Trobadore Alaiak taldekoek ere pozik agertu ziren atzo elkarlanean osatu duten proiektuarekin.
Zumarragako Musika Bandak Artez Blai titulupean kontzertua egin du asteburuan Zelai Arizti aretoan. Mary Franco aktoreak gidaritza lanak egin zituen Holandako arte museoko garbitzaile baten rola hartuta, hainbat margolanen gaineko azalpenak eman zituen, Josu Maroto marrazkilariak marrazkiak egin zituen zuzenean eta bandak pieza bat jo zuen koadro bakoitzeko. Argazkian Mary Franco lehenengo planoan Marotoren ondoan eta bandako musikariez inguratuta.