Zaldibiarrek ez dute «mehatxu» gisa ikusten azken urteetako immigrazioa, ikerketa baten arabera
Zaldibian biztanleria osoaren %9,2 Euskal Herriaz kanpoan jaiotakoak dira, azken urteetan herrira bizitzera etorri den bigarren etorkin uholdean. Udalak eskatuta, Aztiker enpresak berriki aurkeztu duen Jatorri aniztasunaren eta elkarbizitzaren ikerketa kualitatiboak dioenez, bertako herritarrek migrazio joera hori ez dute mehatxu bezala ikusten, duela hamarkada batzuk espainiar etorkinekin gertatu ez zen bezala. «Ez dira mehatxu bezala ikusten, ez konpetentzia euskararekiko, euskal kulturarekiko eta, oro har, Zaldibian eta Euskal Herrian eraiki nahi den proiektu politikorako», ebatzi du azterketak.
Sorterri eta jatorri desberdina duten zaldibiarrek zer pertzepzio eta diskurtso dituzten aztertu du Aztikerrek, hamabi elkarrizketa ireki eginda. Jatorri, kultura, adin eta eremu ezberdinetan jarduten duten herritarrek parte hartu dute. Kanpotik etorritako %9,2ko multzo hori «ikusaraztea, balioan jartzea eta haiena zaldibiarren egunerokoan kontuan izatea» elkarbizitza hoberako beharrezko dira. Elkarbizitzaren osasuna hitz egin zaienean, Zaldibian «guztiek» aipatu dute gatazka politikoaren afera.
Ikerketa hiru zatitan bereizita osatu du Aztikerrek, eta irailaren 19an aurkeztu zituen ondorioak, baita txostena ere. Batetik, etorkin berrien pertzepzioak eta errepresantzio sozialak behatu dituzte. Bestetik, espainiar estatuko jatorria eta Zaldibian bertako jatorria dutenenak. Azkenik, kulturen arteko harremanetarako ereduak landu dituzte.
«Bloke ezberdinetan» bezala
Zaldibiarrek elkarrizketetan esan dutena aztertuta, jatorri ezberdinekoen artekoek elkar ezagutzeko, elkar aitortzeko eta elkarbizitza hobea lortzeko, «kultur artekotasunetik» hasi behar da. «Zaldibiarrak, batez ere kulturartekotasunaren eta kultur aniztasunaren ereduetan kokatzen dira, nahiz eta asimilazio joera bat ere antzematen den egoera batzuen aurrean, hainbat diskurtsotan».
Ikerketak dioenez, kultura ugaritasuna eta elkarren arteko harremanak ikusita, ordea, oraindik zaldibiar gizartea urrun dago benetako elkarbizitza eraginkor batetik: «Aniztasuna bai, baina interakziorik gabe. Elkarbizitza elkarren artean eta ezberdinen artean harremanak izatea bezala ulertzen baldin bada, zaldibiarrak urrun daude errealitate horretatik. Herritarrak bloke ezberdinetan biziko balira bezala daude. Batzuk hor, besteak hemen, baina gehiegi nahastu eta harremandu gabe».
Hala eta guztiz, nola etorkinek, hala Zaldibian bertan jaiotakoek, «ondo sintonizatzen» dute eredu horrekin. «Etorkin askorentzat egoera erosoa da, integrazio sozioekonomikoaren bidean jartzen dutelako ahalegina. Berdin bertako jatorria dutenentzat, berera jarraitzeko aukera da, aldaketarik eman gabe, ez txarrera, ez onera».
Zaldibia, bizileku bezala, egokia iruditzen zaie etorkinei, eta «gustura» daude han. «Badu herri kutsu bat, batzuek zaldibiar birusa deitzen diotena. Herri lasaia da, eremu atsegin batean kokatua, eta ongi baloratzen da bai bertan jaiotakoen aldetik, bai etorkinen aldetik». Etorkin berrien kasuan, askok egoera egonkorra dute Zaldibian; batzuek denbora jakin baterako bizilekutzat daukate herria, baina beste batzuek etorkizuna han irudikatzen dute.
Ekimen berriak
Azterketaren ondorioak eman ondoren, hainbat proposamen egin dituzte txostenean. Herriko ekitaldietan eta ekimenetan «kultur artekotasunaren ikuspegia» txertatu beharra, bat. «Egiten diren ekitaldietan etorkinak kontuan izan eta beraien parte-hartze aktiboa sustatu behar da».
Jarerra baztertzailerik ez dela gertatu dio ikerketak, baina diskurtsoetan «kutsu xenofoboa duten jarrerak» entzuten hasi dira.