Martxan da jada hondakinak biltzeko sistema mistoa Legazpin
Hilabeteetako «eztabaidaren ondoren» hondakinen bilketarako sistema mistoa gaur 20:00etan martxan jarriko da Legazpin. Hala eman du jakitera Kepa Urtzelai alkateak, Sagrario Etxabe zinegotziarekin eta Iñaki Errazkin Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatuarekin gaur eguerdian egindako agerraldian.
Hilabeteetako «eztabaidaren ondoren» hondakinen bilketarako sistema mistoa gaur 20:00etan martxan jarriko da Legazpin. Hala eman du jakitera Kepa Urtzelai alkateak, Sagrario Etxabe zinegotziarekin eta Iñaki Errazkin Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatuarekin gaur eguerdian egindako agerraldian.
Udalak «ilusioz» abiatu du prozesu berria. Materialen banaketa amaituta herritarrei eta bertan lanean aritu diren boluntarioei eskerrak eman dizkie alkateak «banaketa prozesua oso giro lasaiean» gauzatu delako. Hori bai, udalak «herri plataformak izan duen jarrera» salatu du. Alkateak azaldu duenez, «zenbaitek kexak helarazi dizkigute plataformako kideek ontzi grisa ez hartzeko herritarrak presionatu» dituztela eta.
Gainerakoan, datuak positiboki baloratu ditu, «herritarren %90ak» beharrezko materiala jaso duelako jada. Eta gainontzeko %10ak «datozen egunetan» jasoko ditu. Datuekin jarraituta Legazpiko «871 familiak atez ateko bilketa aukeratu dute, eta 2.325ek edukiontzi marroia». Horrekin lotuta, sistemak funtziona dezan «jasotako materiala behar bezala erabiltzea beharrezkoa» dela gogorarazi du alkateak.
Materialaren erabilera egokia
Errefusa asteazkenetan atera beharko da, eta kasu honetan «herritar guztiek erabili beharko dituzte zintzilikarioak». Organikoa atez ate ateratzea aukeratu dutenek, aldiz, asteartetan, ostegunetan eta igandetan atera beharko dituzte kubo marroiak. Bi kasuetan «20:00etatik 22:30era bitartean». Hurrengo egunean «ontzi hutsak 8:00etarako berriz hartzeko moduan izango dira».
Pixoihalak botatzeko behar bereziak dituzten familiek «txartel bidezko edukiontzi grisak» erabili beharko dituzte. Txartelak banatzen hasita daude dagoeneko baina familia batzuei oraindik ez zaizkie iritsi. Behin txartel guztiak banatuta «herrian zehar 11 gune» egokituko dituzte horretarako. Bien bitartean, eta «aldaketa bat-batekoa izan ez dadin» edukiontzi berdea mantenduko dute urriaren 28ra bitartean.
Sistema honen helburua «guztion artean emaitza onak lortzea da, egungo %35eko birziklapen tasatik %73ra gerturatzeko». Sei hilabeteko probaren ostean, jarraipen batzordeak lortutako emaitzen balorazio orokorra egingo du. Herritarrentzako informazio mahaia astelehenetik ostegunera egongo da irekita 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.