Ormaiztegiko Irizar kooperatibaren 50. urteurrena ospatuko dute bihar
Aurten 50 urte bete dira Ormaiztegiko Irizar enpresa, kooperatiba bihurtu zenetik eta etzi ospatuko dute urteurrena. Ekitaldietan langileek eta senitartekoek parte hartuko dute. Kooperatiba duela 50 urte sortu bazen ere, enpresak askoz ere lehenago egin zituen lehen urratsak. Joan zen astean aurkeztu zuten Ormaiztegi 1860-1970 liburuan zehatz-mehatz jaso dute enpresaren ibilbidea.
Lehen urratsak Jose Francisco Irizar Katarainek (Ormaiztegi, 1839-1926) egin zituen. 1864an bere aroztegia Uherkalde baserrian finkatu zuen eta, 1889. urte aldera, aroztegi hori gurdigintza tailer bilakatu zen. Gurdien eta nekazaritzarako lanabesen ekoizpenean espezializatu zen.
Bere seme Jose Lorenzok (gurdigilea) eta Ceciliok (errementaria) hartu zuten lekukoa. Aitak hasitako lanarekin jarraitu zuten Uherkalde baserriko toki berean. 1909. urtean tailer hori Urbieta Bigarrenera lekualdatu zuten eta 1925. urtean Berjaldegi Berrira.
Bigarren belaunaldi hark Carrocerías Irizar Hermanos enpresa fundatu zuen eta 1928-29 inguruan karrozeriak egiteari ekin zion. Dena den, lehendik zeuzkaten bezeroentzat jarraitu zuten lanean, batez ere.
1946. urtean, Cecilio eta Jose Lorenzo desagertzearekin batera, hirugarren belaunaldiak hartu zuen lekukoa: Jose Marik, Migel Marik, Dionisiok eta Millan Irizarrek (denak Cecilioren semeak). Sozietate familiar bat eratu zuten. 1948. urtean beren lehen autobus erdi-metalikoa mihiztatu zuten, eta 1954an erabat metalikoa zen lehen karrozeria-lana amaitu zuten. 1956. urtean hitzarmen batzuk egin zituzten Italiako Orlandi etxearekin eta Espainiako hainbat puntutara hedatu zuten euren negozioa.
1963. urtean enpresak «nabarmen» aldatu zuen ordu arteko bere norabidea, eta euskal kooperatiben mugimendu dinamikoaren barruan sartu zen, garai berri bati hasiera emanez.
Gainera, barne-aldaketa garrantzitsuak gertatu ziren: 1969. urtean Migel Mari, zuzendaritza taldeko beste kide batzuekin batera, joan egin zen enpresatik.
Joan zen ostegunean aurkeztu zuten liburuaren egileen esanetan, «azpimarragarria da kooperatibari bultzada emateko ekimena jabeen eskutik etortzea». Hala, jabeek kooperatibak zituen abantailez eta mesedeez konbentzitu egin behar izan zituzten langileak. Gainera, euren ekarpenak bermatu zituzten.
Belgikako autobus azokan
Ordutik, gorabeherak gorabehera, Irizar enpresa sektoreko liderra bihurtu da, eta Ormaiztegin egindako autobusak mundu osoan erabiltzen dituzte. Berriki, enpresako arduradunak Belgikako Kortrijk hiriko azokan izan dira, eta bertan aurkeztu dituzte kooperatibaren produktu berriak.
Biharkoa, berriz, urteurrena ospatzeko jai eguna izango dute. Festan parte hartuko dutenen artean, Zeles Otamendi eta Xabier Irizar Ormaiztegi 1860-1970 liburuaren egileak egongo dira. Joan zen astean liburua ormaiztegiarrei aurkeztu zieten eta bihar Irizar enpresako langileei aurkeztuko diete. Izan ere, kooperatiba honek liburuan tarte zabala du eta, gainera, Millan Irizarrek bultzatu zuen egitasmoa.
Otamendik Irizar herriko enpresa zaharrena dela eta kooperatiba batzuk krisian dauden garaian emaitza bikainak lortzen ari dela aipatu du. «Gainera, datorren urtean 125 urte beteko dira irizartarrak karrozeriagile lanetan hasi zirenetik», oroitu du.