Ardiki Eguna ospatuko dute igandean Zaldibian
Ardiki Eguna etzi ospatuko dute, Zaldibian, ohitura den bezala urriko azkeneko igandean. Egun osokoa da egitaraua, baina goiz-eguartean jarri dituzte ikuskizun, lehiaketa eta erakusketak. Ardiki kultur elkarteak antolatutako festa, berez, bihar hasiko da, artzain txakurren erakustaldiarekin.
Mondeju lehiaketa hemeritzagarren aldiz egingo dute. Irekia da, edozeinek parte har dezake. Lehiaketan parte hartu nahi duten mondejugileek igandean 10:00etarako bost kana aurkeztu behar dituzte, Zaldibiako plazara, bere salda eta guzti. Izena, ordea, gaur (ostirala) 19:30erako eman beharra dago, telefonoz hots eginda (649 31 65 34).
Bederatzi laguneko epaimahaiak dastatuko ditu hestebeteak. Tartean, Maider Unda borrokalari aramaioarra, Pekingo Joko Olinpikoetan dominaduna, izango da. Mondejuaren itxura, estalkia, ebaketa, zaporea, usaina eta osagaien txikitze neurria hartuko dituzte kontuan. 300 euroeta txapela jasoko du irabazleak, 200 eta 100 euro hurrengoek. Denek 25na euro jasoko dute, mondejuen ordainetan.
Aralarko gaztaren lehiaketa ere bai
Aldi berean, Aralarko gaztak ere dastatuko dituzte, hamaseigarren lehiaketan. Beste bederatzi epailek osatuko dute horren epaimahaia, adituek, sukaldariek eta herritarrek osatuta.
Erakusketak egongo dira, plazan. Artisau lanak, ganadu multzoak eta eskulangileak zuzenean gazta, mondejua, saskiak edota artilea lantzen jardungo dira. Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso izango dira bertsotan.
Artzain txakurrek erakustaldia, bezperan
Euskal Herriko artzain txakur onenen lana Zaldibian ikusteko aukera izango da, larunbatean. Mugertza baserriko zelaian izango da, bihar 16:00etan hasita.
Bost zakurrek parte hartu dute. Goi mailako laguntzaileak dira, herrialdekako txapelketak irabazitakoak horietatik hiru. Antonio Alustiza aresoarrak Bat aberea ekarriko du, Nafarroako txapelduna izandakoa. Abadiñoko (Bizkaia) Aitor Urienek Nabarro gidatuko du.
Gipuzkoako artzain-zakur txapelduna eta txapeldunordea ere Zaldibian izango dira. Juan Joxe Arrizabalaga elgoibartarrak Azkar ekarriko du —Gipuzkoako txapelduna—, eta Migel Arregi oñatiarrak Mendi.
Goierritarrek ere izango dute ordezkaritza, gaur egun artzain txakurren lehiaketetan dabilen goierritar apurretako bat, hain zuzen. Aitor Tato ataundarrak Argi aberea erabiliko du.
Ariketa ugari egin beharko dituzte txakurrek: agindutako bidea egin, artaldea bereganatu, hesian pasatu, ardiak artegira sartu eta handik atera.
EGITARAUA
Larunbata, urriaren 26a
- 16:00. Artzain txakurren erakustaldia, bost zakurrekin. Mugertza baserriko zelaian.
- 10:30. Goiz eresia: herriko txistulari taldea, Xapre trikitilaria, Juan Mari Beltran, Astiazaran aita-alabak eta Hernaniko musika eskolako albokariak, dultzaineroak eta txistulariak.
- 10:30. Artisautza erakusketaren hasiera: ardi gazta eta mondejua egiten, artilea lantzen, galtzerdi egiten, ehundegia, saskigilea…
- 10:30. Ganadu eraskusketa: latxa ardiak, ahuntz azpigorriak, pottokak.
- 10:30. Artisautza lanen azoka.
- 12:00. Zaldibiako XIX. Mondeju lehiaketa eta Aralarko XVI. Gazta lehiaketa. Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsotan.
- 13:30. Sari banaketa.
- 14:30. Bazkaria, herriko jatetxeetan (ardikiak).
- 19:30. Lagunarteko kalejira.
- 21:30. Bukaera.