Duela hamalau hilabete zabaldu zuten Beasain-Durango errepideak Urretxu eta Zumarragan barrena egingo duen bidearen lehen zatia, Eitzaga eta Deskargako portuaren hasiera lotzen dituena, Argixaoko tunelaren bidez (Gi-632). Hurrengo zatia, Urretxu eta Antzuola batuko dituena, egiten ari dira orain, Deskarga parean. Krisiak bide azpiegituretan eragina izan arren, Foru Aldundiak lehentasunezko lana zela adierazi zuen. Zati horrek, Deskargako tunelaz gain, bost bidezubi hartuko ditu; lanen aurrekontu osoa 76 milioi eurokokoa.
Ezkio-Itsasoko Solda-Berezi tailerreko Luis Romerok Hondarribiko parrokiako kanpaietako bat konpondu du. Kanpaiak lau urte zeramatzan isilik eta Santu Guztien Egunerako bukatu eta eraman zuen bueltan Hondarribira. Romero pasaitarra da, baina 18 urte daramatza Ezkio-Itsason. Kanpaien konponketan espezialista da, 2008an Gabiriakoaren pitzadurak konpondu zituenetik. Gotzon Aranburuk, kanpaia konpontzeko prozesua irudikatu du bideoan.