Angel Vazquez lazkaotarrak irabazi du Hiru Auzoetako Korrikaldia
Ataunen atzo goizean jokatu zen Hiru Auzoetako 33. Korrikaldia Angel Vazquez lazkaotarrak irabazi du (1:01:15 ordu). Iker Zurutuza idiazabaldarrak egin zuen bigarren (1:01:30), eta Jon Azpiazu zumarragarrak hirugarren (1:02:04). 99 korrikalarik bukatu zuten proba, 17,3 kilometro luzekoa.
Vazquez, txirrindulari profesional izana, bigarren sailkatu zen iaz, Dabid Garcia durangarraren atzetik. Pello Garinen denbora-markatik (56:12) urrun geratu da, eta aurten ere 300 euroko gainsaria Ataunen bertan geratu da.
Emakumezkoetan, Amaia Insausti olaberritarra izan da onena, 1:15:36 denborarekin. Lehiarik ez zen izan podiumerako. Bigarren Inma Aranburu idiazabaldarra sailkatu zen (1:21:10), eta hirugarren Alicia Murua tolosarra (1:25:45). Denera lau neskak parte hartu zuten.
Beteranoen eta herritarren artean ere banatu zituen Ataun Kirol Elkarteak sariak.
- Lehen gizonezko beteranoa: Imanol Oiarbide (Ordizia), 1:02:35.
- Lehen emakumezko beteranoa: Amaia Insausti (Olaberria), 1:15:36.
- Lehen gizonezko ataundarra: Jon Lasa, 1:15:20.
- Lehen beterano ataundarra: Jon Lasa.