Urretxu, harrien herria
Urretxuko Urrelur museoa ez da museo handia, Aizpuru-enea kultur etxean bertan du egoitza, eta ez dago langilerik museoa zaintzeko. Azken urteotako museo handien eta ikusgarrien eredutik oso urrun dago Urretxukoa, eta akaso, hori da bere arrakastaren sekretua. 1987an museoa ireki zutenetik Urretxu mineralekin, fosilekin eta harribitxiekin lotu da; horrenbestez, herria ama lurrean errotu da eta harriek gordetzen duten memoria gogora ekarri dute. Museoaren genesiak abizen bat itsatsita dakar, Aguado familiarena, hain zuzen.
Urretxuko Urrelur museoa ez da museo handia, Aizpuru-enea kultur etxean bertan du egoitza, eta ez dago langilerik museoa zaintzeko. Azken urteotako museo handien eta ikusgarrien eredutik oso urrun dago Urretxukoa, eta akaso, hori da bere arrakastaren sekretua. 1987an museoa ireki zutenetik Urretxu mineralekin, fosilekin eta harribitxiekin lotu da; horrenbestez, herria ama lurrean errotu da eta harriek gordetzen duten memoria gogora ekarri dute.
Museoaren genesiak abizen bat itsatsita dakar, Aguado familiarena, hain zuzen. Javier Aguado Goñi Urrelur museoko kidea eta aholkularia da egun. Aitaren bildumak osatzeko zaletasunetik abiatuta, museo bat sortzeko nahikoa baliabide izan zituztenera artekoak kontatu ditu. «Aitak denetariko bildumak egiten zituen. Mineraleak gogoko zituen, eta Gabirian zuen fundizioa saldu zuenean euskal hiriburuetako merkatu txikietara joaten hasi zen». Merkatu horietatik Marokoraino iritsi zen Nicasio Aguado, Ceutan (Espainia) zuen Pedro Azkoiti lagunaren bitartez. «Mineraleekiko hasierako zaletasuna pasioa bihurtu zen Marokon. Harriak ekartzen hasi zen, trukeak egiten eta bilduma bat osatzen. Aitarena bilduma egile baten istorioa da».
Bildumako funtsak kaxatan gorde baino erakustera animatu zuen semeak. Denborak eta espazioak bat egiten duten istant horietako bat bidelagun izan zuten; aro demokratikoa zabaldu zen Euskal Herrian eta Aizpuru-enea etxea kultur etxe bihurtu zuen Urretxuko Udalak. Tokia zuten eta bilduma zegoen; hori da Urrelur museoaren ernamuina.
Hasieran, Aguado familiak Urretxuko herriari doako lagapen bat egin zion. Gerora, bilduma udalari saldu zioten eta egun Urrelur museoan dauden funtsak Urretxuko herriarenak dira. Miren Castillo Urretxuko teknikariak salerosketaren agiriak berreskuratu ditu, eta urtetan Urretxuk bildumaren jabetza Gipuzkoako Foru Aldundiarekin partekatzen zuela uste izan badute ere, agirien arabera, aldundiak diru laguntza eman zigun, «baina jabetza osoa Urretxurena da». Eta Urrelur museoak gordetzen duena ez da edonolako ondarea. Castilloren arabera, Urrelur «ez da museo birtuala, gurean kuartzoa azaltzeko hamaika kuartzo ditugu. Espazioa ez daukagu soberan, baina kalitateari zein kantitateari erreparatuta, ondarea ez daukagu saltzeko».
Hasieratik argi izan zuten, hala ere, mineralek, fosilek eta harribitxiek osatutako bilduma ez zutela geldirik utziko. «Museora datorrena, behin ikusi eta gero ez da itzuliko. Guk horren kontra egiteko estrategia bat marraztu genuen hasiera hasieratik», dio Castillok.
Jakintza bizirik
Museoa martxan jarri zuten urtean bertan antolatu zuten lehenengo Mineralogia eta Paleontologia Astea. Castilloren hitzetan, «museoa etengabean berritzeko aitzakia» izan da hori. Denborarekin aitzakia baino gehiago ere bihurtu da, publikoaren aldetik erantzun itzela jaso baitute». Aguadok astearen eta museoaren beste ezaugarri nabarmen bat erantsi du, mineralen, fosilen eta harribitxien munduan «Euskal Herriko mugetatik harago erreferentzialak» bihurtu direla. «Mineraologia astean parte hartzeko kilometro asko eta asko egiten dituztenak badira». Urrelur museoaren jardunaren ardatz nagusia harriei buruzko jakintza jendarteratzea da. Alde batetik, gizakiak naturarekin duen lotura aldarrikatu dute 80ko hamarkada hasieratik. Bestalde, ingurugiroarekiko errespetua bultzatu dute ekintza guztietan. Azkenik, harrietatik datorren memoria, eta historia bera jakitera ematea bere jardunaren zutabea da.
Astearen nondik norakoa
Hiru ardatz horiek belaunaldiz belaunaldi transmititu dituzte Urretxuko eta Zumarragako gaztetxoen artean. «Astearen baitan egiten ditugun jolasen harira, ume bakar bat ere ez dago pirita zer den ez dakiena», dio Castillok.
Urriak azkena ematen duen astean hasiko da aurtengo Urrelur Mineralogia eta Paleontologia Astea. Atzera begiratzeko aukera emango dute Amalur erakusketaren bidez, Aguadoren hitzetan, «erakusketa hau Urretxun baino ezingo da ikusi. Pieza apartak bilduko ditugu erakundeen zein bilduma pribatuen laguntzarekin». Urrea naturan bertan sortzen den bezala ikusteko aukera emango dute erakusketa monografikoa batean. Udaletxeko ataria Kretazeo aroko dinosauroen bizileku bihurtuko dute eta Ederrena frontoia munduko mineralen, fosilen eta harribitxien bilduma zaleen topaleku bilakatuko da.
Astearen baitan ekintza gehiago ere badago harriek esateko dutena publiko osoari aditzera emateko.