Guraso Eskola ekimena jarri du martxan Bategitek, Jatorkin elkartearekin batera
Beasaingo Bategite etorkinen aldeko elkarteak Tolosako Jatorkin etorkinen elkartearekin batera, Guraso Eskola ekimena jarri du martxan. Ekimen honen helburua hemen bizi diren haur etorkinen gurasoei orientzazio zerbitzua eskaintzea da, bai umeei etxeko lanak egiten nola lagundu azaltzeko eta baita gizartean haur horiei etagurasoak eurak integratzeko ere.
Atzo arratsaldean aurkeztu zuten egitasmoa bi elkarteetako kideek Beasaingo udaletxean eta “etorkin familia guztiei” ekimenarekin bat egiteko deialdia zabaldu zuen Bategiteko Bithi Diop senegaldarrak. Tolosako Jatorkin elkarteko Saad Malexek eta Iara Martinez de Oliveirak azaldu zutenez, ekimen honen bidez “familiei gizartean eta eskoletan integratzen laguntzen” diete. “Teoria eta esperientzia ezberdinak lantzen ditugu eta gai askoren inguruan hitz egiten dugu”, diote.
Beasainen ostiraletan egingo dituzte bilerak, goizeko 11:00etan udaletxeko batzar aretoan. Ordizian, berriz, astelehenetan bilduko dira, arratsaldeko 18:00etan jubilatuen elkartean. Bilera guztiak dohainik dira eta ez dute eskatzen bilera guztietara joateko konpromezurik.