Ikurrinaren aldeko ekimenak gauzatuko ditu Lazkaoko Udalak
Lazkaoko Udalak ikurrina goresteko eta «egunerokotasunean aldeko jarrera» adierazteko hainbat ekimen egingo ditu. Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak hartara behartuta, azaroaren 16rako jarri beharko dute Espainiako bandera udaletxean, eta erabaki horren «inposizioaren» aurka, ikurrinari garrantzia eman dio, mozio bat onartuta.
Batetik, herriguneko sarrera guztietan eta plazan ikurrina mastetan zintzilikatzeko asmoa du udalak, denera bost tokitan. Bestetik, herritarrei etxeko balkoian ikurrina jartzeko eskatuko diete. Omenaldi ekitaldi bat egitea ere pentsatu dute, ostegunean onartutako mozioaren arabera.
Espainiako banderari dagokionez, udaletxeko balkoian Lazkaon bizi diren beste naziotasun guztietako banderekin batera kokatuko dute.
EH Bilduk aurkeztutako mozioak dioenez, ikurrina «gure herriaren existentzia, historia eta eskubideen eta askatasunaren sinboloa» da. Horri Espainiako Gobernuak «berebiziko garrantzia» eman diola ohartarazi du Bilduk: «Lehentasunezkoa bihurtu du espainiar bandera Hego Euskal Herrian derrigortzea, nahiz eta badakien gatazka eta talka sortzen dituen ikurra dela».
Ikurrinak «Euskal Herri osoa eta euskal gizartearen gehiengoa batzen» dituela dio mozioak; aldiz, Espainiako banderak «inposaketa, errepresioa eta erabakitzeko dugun eskubidearen ukazioa» irudikatzen du.
Bilduk soilik babestu zuen mozio hori. EAJ abstenitu egin zen, bere botoa «abstentzioaren eta ezezkoaren artean» zegoela zehaztuz. PSEk aurka bozkatu du, «integrazioari eta elkarbizitzari mesederik ez» diela egiten esanez. «Ezkutaketan jolastea» egotzi zion PSEk udal gobernuari.
EAJk udalbatzarrean azaldu du «espainiar bandera jarri ala ez» dela gakoa, eta erabakia alkateak hartu beharrekoa dela, «ez udalak». Omenaldia, dilema hori «estaltzeko» dela gaineratu zuen.