Ederfil kooperatibak 10 milioi inbertituko ditu bost urtean, makinak aldatzeko
Legorretako Ederfil-Becker kooperatibak 10 milioi euroko inbertsioa egingo du, datozen bost urteetan. Kobrezko eta aluminiozko hari elektrikoak ekoizten ditu. Makinak aldatuko ditu orain, kostua gutxitzeko eta ekoizpenaren eraginkortasuna hobetzeko ahaleginean. Fabrikazio gaitasuna ere handitu nahi du.
Urtean 33.000 tonako ekoizpena dauka. Goierrikoak bertakoak ditu bezero batzuk, Indar eta Orkli esate baterako. Kupre haria 8 milimetroko diametroduna erosten du, eta bezeroaren eskarira egokitzen du.
Ekoizpenaren %80 esportatu egiten du Ederfilek. Krisiari iskin egitea lortu du; hala, aurtengo ekitaldiaren produkzioa 2008koa baino —ekonomiaren gainbehera hasi zen urtea— handiagoa izango den aurreikuspena daukate. 2010etik urtero hazi da, eta Europa mailan, sektoreko bosgarren enpresa da.
Ekoizpen eta salmenta datuak gorantz joan arren, irabazien atala ez da neurri berean goratu. Batetik, Europako merkatuan soberakina geroz eta gehiago dagoelako, ekonomiak nolabaiteko egonkortasuna izan arren, ez delako eskarietan hazi.
Bestetik, Europatik kanpoko inportazioek prezioak jaitsi beharra eragin izanak ere makaldu du irabazien saila. Gaur egun, Europan metalezko hari elektrikoen sektorean gaitasunaren %20 soberakina dela kalkulatzen da.
Duela bost urtetik, Ederfilek %33 ugaritu du esportazio bolumena. 2008an, Espainiako estatuko merkatutik kanpora salgaien %60 bidaltzen bazuen, gaur egun %80ra iritsi da.
Ederfilek 150 langile ditu gaur egun. Legorretan eta Alegian (Gipuzkoa) ditu lantegiak. 1977an sortutako enpresa da, eta 1980an hasi zen nazioartean saltzen, Frantzian ordezkaritza zabalduta. 1995ean beste hedakuntza bat egin zuen, beste lau merkatutara.
1950eko hamarkadatik eroale elektrikoak egiten zituen Alegiako Becker 2003an erosi zuen Ederfilek. Makina berriak jarri zituzten orduan ere, bi lantegietan.