"Kalitatezko" egitaraua prestatu dute Sustraiez Blai jaialdiaren antolatzaileek larunbat honetarako; "azken urteetako onena", Josetxo Sastre antolatzailearen arabera. Munduko musiken gaineko jaialdiaren hamairugarren edizioa izango da larunbatean Ordizian ospatuko dena. Oraingoan, musika-emanaldiak bi lekutan izango da: Plaza Nagusian eta Sugaar tabernan.
Zumarragako Agiñaga auzoan San Martin jai bereziak ospatuko dituzte asteburuan, 36ko gerran hildako hiru auzotarren memoria gogora ekarriko baitute. Mandabieta baserriko Manuel Alkorta Garate (23 urte), Urrusti baserriko Jexux Zabaleta Plazaola (22 urte) eta Agiñabarren baserriko Ramon Aranguren Plazaola (21 urte) mobilizatu zituzten eta gerra fronteetan hil zituzten. Urte luzean isiltasuna nagusitu denez, ez da asko Agiñaga auzotarrek haien hilketei buruz dakitena.