Igor Eguren eta Jose Luis Arrieta hitzarmena sinatzen.
Berrogei urteren bueltan, Ordizian hasiko da berriro ere Euskal Herriko Itzulia. Gaur goizean egin dute Ordiziako Udala eta itzuliko lehen etapa antolatzen ari diren taldeen arteko hitzarmenaren sinatzea. Igor Eguren alkatea eta Jose Luis Arrieta Euskal Herriko Txirrindularitza Federazioko presidenteak eman dituzte lehen etapa horren gaineko xehetasun batzuk; nahiz lasterketa igaroko den “puntu bero” baten berri aurrerago argituko duten.
Lehen etapa hori, 150 kilometro ingurukoa izango da; Ordizian hasi eta amaituko da. Hiru itzuli egingo ditu, Larraiztik igaroko da eta Ordizia inguruko herriak ukitzen saiatuko dira, nahiz eta oraindik ibilbidea erabat ez duten definitu. Amaiera, Ordiziako geltokitik Garagartza Plazara izango da, han kokatuko da helmuga gunea. Bigarren etapa, berriz, Ordiziatik abiatuko da.
Era berean, Igor Eguren Ordiziako alkateak Euskal Herriko Itzuliaren baitan, kirol egitarau zabala prestatuko dutela aurreratu du. “Ez dugu nahi soilik lasterketa hasi eta amaitzeko gunea izatea; Itzuliaren aitzakiaren zerbait handia prestatuko dugu”, esan du. Hitzarmenaren sinatze ekitaldian Euskadi Txirrindulari Antolakuntzak taldeko Enrike Erentxun; eta Ordiziako Txirrindulari Elkarteko, Txapel Gorriko eta Txindokipe Zikloturista elkarteko ordezkariak ere izan dira. Baita, Jon Izagirre txirrindulari ormaiztegiarra ere.