Lazkaoko Udalak auzoka bilera sorta hasiko du
Lazkaoko Udalak herritarren iritzia entzun nahi du, aurten ere. Auzokako bilerak antolatu ditu, bigarren urtez. Lazkaotarrek dituzten «iritziak, kezkak, kexak, iradokizunak eta ekarpenak» jasoko dituzte lehenik. Dagokion batzordean landuko dituzte gero, eta atzera beste bilera txanda batean erantzuna edo hartutako erabakiaren berri emango du.
Parte-hartze prozesuaren barruan kokatu du udalak ekimena. «Iaz hasi ginen, lehen aldiz, herritarrengana gerturatzeko auzoz auzoko bilerak egiten. Erantzunarekin oso gustura geratu ginenez, berriro ere errepikatu egingo dugu, udala herritarrengana gerturatuz», azaldu dute udaletik.
Lehendabiziko bilera gaur izango da, 19:00etan, Areria antzokian. San Prudentzio, San Jose, Mikelar, Jose Lasa eta Santa Madalena auzuneetako bizilagunak daude gaurko saiora gonbidatuta.
Herrigunea denera hiru eremutan bereizi dute. Beste bi bilerak azaroan geratzen diren bi asteazkenetan izango dira. Hilaren 20an Hirigoien, Gurutze eta Zubizkitza auzuneetakoei dagokie. Batzar hori ere Arerian izango da, 19:00etan hasita.
Azkenik, herrigunearen ipar-ekialde osoko bilera azaroaren 27an burutuko da, udaletxean, 19:00etan. Areso, San Inazio, Elosegi, Lazkao Txiki Zelaia eta Hiribarren eremuetako bizilagunak joan ahalko dira.
Udalaren lana «aberastu»
Udalaren asmoa, herritarrek aurkeztutako iritzietatik eta kezketatik abiatuta, bere lana «aberastea» da. «Herritarrekin herritarrentzat lan egin nahi dugu. Auzokako bilerak tresna erabilgarria eta eraginkorra dira guretzat, zuzeneko harremana ziurtatzeko.
Azaroaren lehen bilera txandan «herritarrei entzun» ondoren, jasotako gaiak udal batzordeetara eramango dituzte. Landutakoan, berriz bilerak antolatuko dituzte, auzoka, herritarrei erantzunak emateko.