Narisawa japoniar chefa azokan erositako onddoak prestatzen Xabier Martinezekin, kazetarien begiradapean.
Donostiako Basque Culinary Centerren “Gastronomia eta jasangarritasuna” hitzaldia emateko etorri da Yoshihiro Narisawa japoniar chef ezaguna Euskal Herrira. Aitzakia horrekin, gaur goizean Ordiziako azoka ezagutzeko aukera izan du Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendariaren eskutik.
Goizeko hamarrak aldean egin dio lehen harrera Igor Eguren alkateak udaletxeko pleno aretoan. Ordiziako oroigarri bat oparitzeaz gain, udaleko bisita liburuan bere sinadura jartzeko gonbita luzatu dio Egurenek. Narisawak “Itzuliko naiz, zin egiten dut”, idatzi du. Harreraren ondoren, Martinez jatetxeko Xabier Martinez sukaldariarekin azokan itzulia egin du. Jendearen harreta bereganatu eta ikusmina piztu du sukaldariek, kameraz inguraturik, postuz postu egin duten bisitak. Chef japoniarrak onddoak erosi ditu eta ondoren D’elikatuzen prestatu eta probatu ahal izan dituzte.
Ricardo Remiro Eulateko artzaina ere Ordizian izan da gaur goizean. D’elikatuzen bertan, gazta zuzenean egiten du eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiako kideek Idiazabal Gazta dastaketa txiki bat egin dute.
Jasangarritasunaren chefa
2013ko World 50Best Restaurant zerrendako jatetxe jasangarrienaren sari berezia lortu zuen Yoshihiro Narisawak bere gizarte eta ingurugiroarekiko arduragatik. Joan den martxoan, berriz,
Restaurant aldizkariak lehen aldiz argitaru zuen Asias’s Best Restaurants 2013 zerrendako lehen postua bereganatu zuen.
Ordiziako Azokak 500 urte bete zituen 2012an eta jasangarritasunaren topagune izaki, Ordiziako Udalak japoniar sukaldaria bertan izatea “ohore bat” dela azaldu du.