
Gaur hasiko da Ormaiztegiko mendi astea. Aurten hiru emanaldi antolatu dituzte: Arkaitz Yurrita eta Koke Lasa ormaiztegiarrena eta Alex Txikon bizkaitarrarena. Gainera, etzi argazki lehiaketako sariak banatuko dituzte eta igandean mendi ibilaldia eta gaztaina jana egongo dira.
Emanaldi guztiak kultur etxean egingo dituzte, eta 19:30ean hasiko dira. Gaur, Yurrita ormaiztegiarrak
Livingston irla, Antartidako txoko bat ikus-entzunezkoa eskainiko du. Bihar, berriz, Txikonek
Del Nuptse al Lhotse izenekoa emango du. Etzi, Lasak Alaskari buruzko bideoa eskainiko du, eta ondoren, argazki lehiaketako sariak banatuko dituzte.
Azken ekitaldiak igandean izango dira. 09:00etan mendi irteera egingo dute. Mendizaleak Itxune erretegian elkartuko dira. Kirol elkarteko mendi sailekoek hamaiketakoa emango diete parte hartzaileei. Gainera, arratsalderako gaztaina jatea antolatu dute. 18:30ean izango da, plazan.