Ataungo Udalak haurrentzat jolas gela edo ludoteka bat egokitzeko asmoa dauka, San Martin auzoan. Graziñaberri etxe-multzoaren behealdeko lokal batean kokatuko dute. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izango du prozesua gauzatzeko, Itten foru erakunde berriarekin urrian sinatutako hitzarmenaren harira.
Haur jolas gela nolakoa egin erabakitzeko, ordea, ataundarrek ere izango dute hitza. Parte-hartze prozesu bat eratu du udalak, hiru bilerarekin. Haurrek eta gurasoek ludoteka nolakoa izango den eta nola antolatuko den erabaki dezaten nahi du udalak.
Hiru astean garatuko dute bilera-sortaren prozesua. Lehenbizikoa bihar izango da. Hurrengo bi ostegunetan jarraituko du, azaroaren 28an eta abenduaren 5ean. Hiru bilerak 17:00etan hasiko dira, udaletxeko batzar aretoan.
Udalak herritar guztiei zabaldu die, bando bidez, ludotekaren diseinuan jarduteko gonbita. Batik bat, jolas gela erabiliko duten haurrei eta haien gurasoei. Ataungo elkarte, talde eta eragileei ere zabaldu diete deia.

Haur jolas-gela jarriko duten lokala, Graziñaberri etxe multzoan, Ataun San Martinen./Hitza
Datozen hiru ostegunetako bileretan, haurrak eta gurasoak denak elkarrekin ariko dira. Saio «eramangarriak» izate aldera, tailer formatuan burutuko dituzte jardunaldiak. Haurrei jolasen bidez galdetuko diete adituek nolako jolas gela nahi duten. Udalaren ordezkariek ere parte hartuko dute, joan nahi duten gainontzeko herritarrekin batera.
Parte-hartze prozesuko batzarren garaian, haurrekin jolasean aritzeko hezitzaileak egongo dira. Bilera-aretoan edo inguruan ibiliko dira, iritzia galdetzeko edo elkarrekin egon nahi dutenerako.
Ludotekaren diseinurako bileretara joan nahi duenari aurrez izena emateko eskatu diote. Udaletxera hots egin (943 18 00 11) edo bertara joan behar da. Haurren kasuan, zer adin duen esatea ere eskatu dute.