Auzokonpostaia eta autokonpostaia arautzeko udal ordenantza aurkeztuko dute
Legazpiko Udala, auzokonpostaia eta autokonpostaia arautzeko Udal Ordenantza garatzen ari da, eta ordenantza honen aurkezpena egingo zaie herritarrei hondakinen prebentzioaren astean. Aurkezpena bihar izango da, arratsaldeko 18:30ean udaletxeko batzar aretoan.
Legazpiko Udalak bere lehentasunen artean hondakinen sorkuntzaren prebentzioa dauka, baita hauen kudeaketa modu egokiak ezartzea ere. Udalaren helburu nagusia norberak sortutako hondakinak norberak kudeatzea da. Horregatik, hondakin organikoak konpostatzera bultzatu nahi ditu herritarrak, bakarka nahiz modu kolektiboan.
Ordenantza egitearen helburua hemendik aurrera udalerrian zabaldu eta garatu nahi den konpostaje proiektu integrala modu egokian egitea da. Proiektu honi 2012an eraikitako auzokonpostaierako gune pilotu batekin eman zitzaion hasiera. Ordenantza honen bidez herritarrek beraien eskubide eta betebeharrak zeintzuk diren argi izatea nahi da.