
Azaroak 25 Indarkeria Sexistaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, Urola Garaiko Mankomunitateko Berdintasun Sailetik gai honen inguruan bailaran aurrera eramaten ari diren egitasmoak aurkeztu dituzte prentsaurrean. Oihane Zabaleta mankomunitateko lehendakariak eta, Lourdes Ugarte, Jon Altolagirre, Lourdes Lasa eta Begoña Pereira Legazpiko, Urretxuko, Ezkio-Itsasoko eta Zumarragako zinegotziek hartu dute parte agerraldian.
Zabaletak Berdinsareak aurtengo ekitaldirako prestatu duen eta Urola Garaiko Mankomunitateak bere egin duen deklarazio instituzionala irakurri du. Aurten, azaroaren 25aren testuinguruan batez ere «neska gazteek jasaten dituzten sexu-erasoetan» jarri dutela arreta esanez hasi da. Eraso horietako asko «normalizatuta» daudela eta horregatik sarri «identifikatzen zailak» direla gehitu du.
Elkarretaratzeak plazetan
Emakumeenganako indarkeria errotik desagerrarazteko «indarkeria mota guztiak agerian» utzi beharra daude, deklarazioaren arabera. Horregatik, helburu hori lortzeko Urola Garaiko Udal Elkarteak eskualde eta udal mailan «berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako politika aktibo oso, parte-hartzaile eta koordinatua garatzeko» konpromisoa hartu du. Baita, «horretarako ekimen ezberdinak abiaraztekoa» ere.
Prentsaurrekoan, etzi Legazpiko kultur etxean egingo den Beldur Barik Topaketan parte hartzeko deia luzatu diete bailarako gazteei. Besteak beste, Beldur Barik lehiaketako sari banaketa ere egingo dute bertan 19:00etatik aurrera. Astelehenean, hilak 25, Urretxu-Zumarragako Areizaga-Kalebarrenen eta Legazpiko Euskal Herria plazan 19:00etan egingo diren elkarretaratzeetara ere gonbidatu dituzte herritarrak.