Errekak hazita datoz euritearen ondorioz, baina gainezka egin gabe
Euritea dela eta, uholdeak izateko arriskuagatik alerta laranja piztuta bazegoen ere, eguraldiak ez du momentuz aparteko gertakaririk eragin. Goierriko erreka eta ibaiak hazita datoz, baina gainezka egin gabe, eta Foru Aldundiak gaur arratsaldean kaleratu duen oharraren arabera, Deba ez beste Gipuzkoako ibai guztiak arriskutik kanpo daude.
Gau osoan etenik gabe egin du euria, eta Aldundiak emandako datuen arabera, Lareoko plubiometroak 53,2 litro jaso ditu metro koadroko. Eguerdi partean euriak eten bat izan badu ere, arratsalderako eta gauerako ere euria dago iragarrita. Elurraren maila berriz, 800 eta 1.000 metro artean dago, Euskalmeten arabera. Aurreikuspenen arabera euriak gauean ere jarraituko du, eta litekeena da erreka batzuk gainezka egitea, “baina beti ere neurri txikian” aldundiko iturriek azaldu dutenez. Iturri horien arabera, Foru Aldundiak ibai, erreka eta arroatako kontrol guneak bereziki jarraitzen ari da, euriteak etorriko balira eta ur emaria igo, neurriak lehen bait lehen hartzeko.