Goierri Eskolan "Txilerako teknikariak" nazioarteko lehen programari amaiera eman diote
Goierri Eskolak 19 ikasleri harrera eginez parte hartu du Txilerako Teknikaria programan, Txileko Gobernuko Hezkuntza Sailak 2010. urtetik sustatu duen formazio teknikorako egitasmoan. Goierri Eskolak nazioarteko programa batean zentro hartzaile gisa parte hartzen duen lehen aldia izan da; nazioartean teknikoki perfekzionatzeko programa honek 280 beka eman ditu seihileko honetan.
Goierrira etorri diren profesional guztiak Ordizin bizi izan dira programak iraun duen 6 hilabete hauetan. Bekadun guztiak perfil teknikoa dute, aukeratuen artean industriako mantentze-lanetan, elektronikan edo automozioan aritzen diren ingeniari eta goi mailako teknikariak daude.
Gaur eguerdian egitasmoaren amaierako ekitaldia egin dute. Bertan Iñaki Zabalo zentroko zuzendariak, Iker Galparsoro Goiekiko gerenteak eta Igor Eguren Goierri Fundazioko presidenteak hartu dute parte. Bertan 19 ikasleei diploma bana banatu diete.
Lehen esperientzia positibo honen ondoren, Goierri Eskolak 2014ko irailean 2014-2015 kurtsoaren hasierarekin bat eginez programa honen bigarren edizioari emango dio hasiera.