Antzar Krosa jokatuko da igandean Lazkaon, Gipuzkoako kros egutegiaren barrukoa
Lazkaoko Antzar Korrikalariak taldeak Ordiziako Txindoki elkartearekin batera antolatzen duen Antzar Krosaren 12. ekitaldia igandean izango da. Ohi bezala, Zubierrekako zelaietan jokatuko da, Agauntza ibaiaren meandroan. 10:00etan hasiko da lehia, eta 13:00ak ingurura arte ehunka atletak parte hartuko dute. Gipuzkoako kros egutegiaren barrukoa da Lazkaoko krosa, denboraldiko bigarrena.
Lehenbizi kadete neskek eta beterano emakumezkoek korrika egingo dute, 2.400 metroko barrutian, 10:00etan hasita. Ondoren, kadete mutilen eta beterano gizonezkoen txanda etorriko da, 10:15ean. 4.100 metro osatu beharko dituzte. Jubenil eta junior neskek 3.400 metro (10:35), alebin neskek (10:55) eta alebin mutilek (11:05) 1.200na metro, infantil neskek 1.700 metro (11:25), eta jubenil nahiz junior mutilek, promesa neskek eta senior neskek 5.300 metro (12:15) osatuko dituzte.
Proba nagusia 12:35ean hasiko da. Promesa mutilak eta senior gizonezkoak batera lehiatuko dira, 7.700 metro luzeko ibilbidean.
Antzar Korrikalariak taldeak kros eremuan bi itzuli mugatuko ditu: luzea 1.200 metrokoa, eta laburra 500 metrokoa. Bi barrutiak konbinatuz sortuko dituzte maila bakoitzeko distantziak.
Gipuzkoako partaidetza
Atletismo federazioetan izena emandako atletek parte hartu ahalko dute. Igande goizera arte ezin da jakin, beraz, zenbat korrikalari izango diren, ezta zeintzuk ere. «Izena federazioan ematen dute kroslariek, urtearen hasieran. Ondoren, proba bakoitzerako ez daukate aurrez apuntatu beharrik», dio Antzar Korrikalariak taldeko Iñaki Belamendiak. Gipuzkoarrak espero dituzte. Tartean, Ordiziako Txindoki Atletismo Taldeko kirolariak izango dira ugarienak, elkarte hori ere antolatzaile den neurrian.
Aurten ere Eñaut Aldanondo lazkaotar zenaren omenez antolatu dute Antzar Krosa. Haurrentzat erakustaldi moduko korrikaldi bat ere prestatu dute. 12:00etan hasiko da, eta ez da lehiatzeko izango. Sariak Lazkaoko plazan banatuko dituzte.