Beasaingo Lanbideko langileak kalera atera dira, egitura aldaketak salatzeko
Beasaingo Lanbideko langileak kalera atera dira gaur, beste behin, Lanbideren egitura aldaketarekin ados ez daudela azaltzeko. “Lanbide erakundea sortu eta lanpostu zerrendarik gabe hiru urte funtzionatu ondoren, gobernuak LPZ proposamena prestatu eta sindikatuei jakinarazi” diela azaldu dute protesta egiten ari zirenek.
Aldaketa hauen arabera 200 lagun kaleratuko dira guztira EAEn eta langileek azaldu dutenez “lana 200 lagun horientzako eta askoz gehiagorentzako ere badago. Etortzen den jendea atenditzeko ere okerrago geratuko gara eta guk ere lan egiteko egoera okerragoa izango dugu”. Horrez gain, “soldatak ere jaitsi egingo dizkigute” diote langileek. Beasaingo bulegoan bi pertsona kaleratuko lirateke aldaketa hauek egingo balituzkete.
“Bost edo sei aldiz atera gara kalera eta greba bat ere egin dugu. Negoziazioak egiten ari dira LAB eta ELAsindikatuetakoak, baina, egoera aldatzen ez bada, borrokan jarraituko dugu” azaldu dute langileek.