Lehengo ohitura eta jakintzak oroituko dituzte Ataunen, ibilaldi gidatu batekin
Gipuzkoako Parketxeen Fundazioak antzinako jakintzak eta ohiturak berreskuratzeko jardunaldi berezia antolatu du, bihar goizerako. 10:00etatik 14:00ak arte, Ataungo Barandiaran Museoan hiru jarduera burutuko dira. Arbasoen ohiturak ezagutzea da helburua, Lurrari kasu eginez, ezagutu, maitatu, zaindu goiburuko ekimenean.
Lehenbizi, fenologiari buruzko ibilaldi gidatua egingo dute, Luis Mari Zaldua adituarekin, 10:00etatik 12:00etara. Klimak eta urtaroen gora-beherek izaki bizidunetan duten eragina jorratzen du fenologia diziplinak. Naturaren ezagutza bultzatu nahi dute, gizakientzat horrek duen «erabilgarritasuna» nabarmenduz. Abeltzainek eta nekazariek jakintza hori nola erabiltzen duten jorratuko dute, baita abereen portaeretan nola erreparatu ere.
Beste bi jarduerak Barandiaran Museoan ohikoak dira. Batetik, talo tailerra antolatuko dute haurrentzat, 12:00etatik 13:45era. Bestetik, multzo hidraulikoko errota eta zerrategia martxan jarriko dituzte 11:00etatik 14:00etara, bisita gidatuekin. Museoa ere ikusi ahalko da.
Aurrez tokia hartu behar
Antzinako jakintzen eta ohituren jardunaldian parte hartzeko, 2 euroko sarrera ordaindu behar da. Ibilaldi gidatua, haurren talo egitea, eta errota nahiz zerrategiko sarrera eta museokoa sartzen dira hor.
Ibilaldira edo talo tailerrera joateko aurrez tokia hartu behar da (943 18 03 35).