Segurako gaztetxea: ametsa betetzera doa
Segurako gazte asanbladak bere ametsa beteko du azkenean: herrian gaztetxea irekitzea. Beheko eskoletako hormigoizko eraikin txikian egongo da eta larunbat honetan hartuko ditu lehen ekitaldiak. Emakumeen ingurukoak izango dira, hain zuzen ere. Egungo gazte asanblada 2008an hasi zen lanean, eta 40 lagun inguruk parte hartzen dute gaur egun ekintzetan, herriko gazte gehienek.
Bost urte hauetan akelarrea, autodefentsa ikastaroa, irteerak, zine eta antzerki emanaldiak, haurrentzako jolasak, truke azoka eta erreka garbiketa antolatu dituzte, besteak beste. Gainera, San Joan festetan bazkaria antolatzen dute eta liburu eta disko azokan parte hartzen dute.
Horretaz guztiaz gain, euren aurretik asanbladatik pasa diren gainontzeko guztiek bezala, gaztetxea lortzeko lan egin dute. Azken hilabeteetan horretan jardun dira buru-belarri. «Azken urteetako egitasmo garrantzitsuena da. Udalarekin batera lan egiten ari gara, eta oso gustura gaude, indarberrituta. Izan ere, gaztetxea ez edukitzeak gure jarduna asko baldintzatu du. Ekitaldi guztiak ezin dira plazan egin eta, gainera, ez dugu elkartzeko edo gauzak gordetzeko tokirik», esan dute gazteek.
Gaztetxea segurar guztien etxea izatea nahi dute. «Gaztedia eraikitzailea eduki nahi dugu. Eta gazteek ondo pasatzea. Beste herri batzuetako gaztetxeak itxiak dira. Segurakoa aktiboa eta irekia izango da. Kukutza zenaren modukoa izatea nahi dugu», azaldu dute Segurako gazte asanbladako kideek.
Bizilagunei mezua
Horrekin lotuta, beheko eskolen ondoan bizi diren bizilagun batzuek ez dute ondo hartu erabakia. Gazteek lasaitasun mezua igorri nahi dute: «Udalarekin lan egiten ari gara eta arkitektoen eta ingeniarien aholkularitza dugu. Gaztetxeak gaizki ikusita egon dira beti eta bizilagunek gure egitasmoa ezagutzea nahi dugu. Eurekin harreman ona eduki nahi dugu», amaitu dute.