Eneko Aizpurua idazlea, Beasaingo Ezkiagako Olaran fabrika zaharraren aurrean. Eremu horrek pisu nabarmena du eleberrian./Asier Zaldua
Eneko Aizpurua idazleak (Lazkao, 1976)
Herensuge gorriaren urtea liburua argitaratu du, Ereinekin. Bere bigarren eleberria da, Errauts-en ondotik (Erein, 2011). Aurreko asteazkenean aurkeztu zuten, Donostian, eta bihar Durangoko Azokan egongo da, argitaletxearen genero beltzeko
Uzta gorria saileko idazle gehiagorekin.
Errauts-eko protagonista bera hartu du liburu berrian ere, kazetaritza lanetik kaleratutako Mikel Egileor ikertzailea. Goierrin girotuta dago istorioa, toki eta denbora errealetatik abiatuta. Orain hiru urteko benetako gertaera batzuetan oinarritu da lazkaotarra,
Muki gaitzizeneko gaizkileak ustez burutu zuen bahiketa —Ordiziako mutil bat autoan eramanarazi zuen Nafarroan behera— eta haren ondotik Goierrin sortu zen ikara islatu ditu.
Eleberri beltzaren generoan jarraitu du Aizpuruak oraingoan ere, benetako gertaerek eskaini zioten heldulekuari fikziozko eraso bat gehituz: «Goierriko ezinegon une horretan, errumaniar ijito baten txabolari su ematen diote, Beasainen. Benetako Euskaldunak izeneko talde misteriotsu batek hartzen du bere gain. Egileak herensuge gorri baten tatuajea dauka lepondoan».