Gabonetako erakusleiho lehiaketa antolatu du Lazkaonek
Lazkaoko merkatariek aurreneko aldiz erakusleihoak apaintzeko lehiaketa izango dute, abenduan zehar. Lazkaon elkarteak antolatu du ekimena, eta bazkide direnez gain, herriko edozein komertzio ere sar daiteke deialdian.
Lazkaon elkarteak, udalaren laguntzarekin, hiru sari izendatuko ditu, diploma eta bertako jakiz osatutako saskikadak. Epaia emateko, honako arloak hartuko dituzte aintzakotzat: argiztapena, salgaien kontrastea, originaltasuna eta erakusleihoa atontzeko sormena. Dendan saltzen duten gaiarekin lotura zuzena izan behar du erakusleihoaren konposaketak.
Bozketa herrikoia ere egingo dute. Herritarrek Lazkaonen Facebook-eko gunean gustukoenaren botoa eman ahalko dute, edo baita elkarteko kide diren dendetan jarritako kutxetan papertxoa sartuta ere. 100 euroko erosketa-txartela zotz egingo dute.
Lehiaketan parte hartuko duten komertzioek iganderako (abenduak 8) erakusleihoa prest eduki behar dute, nola epaileentzat, hala herritarrentzat, erakusketa garaia hilaren 9tik 25era izango delako, bi egunak barne.
Epaimahaia udalaren ordezkari batek, Lazkaoneko kide batek eta herritar batek osatuko dute. Sariak hilaren 27an emango dira.