Marotok bere bizipenetan oinarrituta hitzaldia eskainiko du
Jon Marotori (Urretxu, 1979) adrenoleukodistrofia gaixotasuna diagnostikatu zioten orain hiru urte. Ordutik, bere bizitza ez da berdina izan. Gaixotasuna onartzeko prozesua luzea eta «oso gogorra» izan dela aitortu du, baina orain, hasi da tunelaren amaieran argia ikusten. Zenbait muga dituela ulertu du, eta bere esperientzia antzeko egoeran egon daitezkeenentzat lagungarri izan daitekeela sinistuta, Ezintasuna onartuz izenburupean hitzaldia eskainiko du datorren astelehenean, Urretxuko kultur etxean, 18:30ean hasita.